Skip to main content

Azpeitiko Ikastolak saldutako Tanta txartelak irabazi du aurtengo zozketa

Euskal Herriko Ikastolen aldeko Tanta zozketaren zenbaki saritua 69.834 izan da, eta txartelaren jabea azaldu da jada

Tanta 26

Euskal Herriko Ikastolen aldeko Tanta zozketaren zenbaki saritua 69.834 izan da, eta txartel irabazlea Azpeitiko Ikastolak saldu du. Zozketak 60.000 euroko sari bakarra banatzen du eta irabazlea dagoeneko agertu da, beraz, saria egiaztatzeko eta kobratzeko izapideak abian dira.

Ikastolen sare osoarentzat pozgarria da saria Ikastolen mugimenduarekin hain lotuta dagoen herri eta komunitate baten bidez banatzea. Tanta ez baita zozketa hutsa: Euskal Herriko ikastolen proiektua sostengatzeko herri ekimenez antolatutako elkartasun tresna da, eta urtez urte milaka lagunek egiten dute ekarpena txartelak erosiz.

Ikastolen Elkarteak, batetik, zorionik beroenak helarazi nahi dizkie zenbaki sarituaren jabe den pertsonari eta Azpeitiko Ikastolako komunitate osoari. Bestetik, bihotzez eskertu nahi die Euskal Herri osoko herritarrei Tantan parte hartu eta ikastolen aldeko konfiantza eta babesa berritu izanagatik. Halako ekimenei esker, ikastolek euskarazko hezkuntza integrala eta kalitatezkoa eskaintzen jarraitu dezakete, herri ekimenetik eta elkarlanetik abiatuta.

Zozketan ordezko zenbaki bat ere ezarri da, 55.442, zenbaki saritu nagusia baliogabetuko balitz edo baldintzak beteko ez balitu aktibatuko litzatekeena. Kasu honetan, ordezko zenbakia ez da aktibatu behar izan, irabazlea garaiz agertu baita eta txartela indarrean baitago.

Azkenik, Tanta kanpainak aurrera egingo du etorkizuneko urteetan ere, ikastolen finantzaketa osatzen laguntzeko eta euskarazko hezkuntzaren aldeko herri babesa agerian jartzeko.

Albisteak

Amurrion, 2026ko ekainaren 14an. Amurriok giro ezin hobean agurtu du gaurko Araba Euskaraz jaia.
Giro bikainean, jende andana bildu da gaur Amurrion, Arabako ikastolen jai handiari hasiera emateko.