Skip to main content

Leloa eta logoa

Araba Euskaraz '27ren irudiarekin eta leloarekin gure lurraldearen, komunitatearen eta euskararen arteko elkarrekatzea aldarrikatu nahi dugu.

Leloa


Lotuz lortu!

 

Etorkizuna Elkarrekin Eraikitzeko Gonbidapena

2027ko Araba Euskarazen, lotura horiek sendotu eta berriak sortu nahi ditugu, Argantzunetik Trebiñura eta Arabako lurralde osora. Euskararen eta ikastolen aldeko konpromisoa partekatzeko eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko gonbidapena da.

Elkarlanaren eta Komunitatearen Indarra

Lotzea konpromisoa da. Elkarrekin aritzea, sareak ehuntzea eta helburu partekatuen alde indarrak batzea. Horrela eraiki dugu gaur egun garena, eta horrela egingo dugu aurrera etorkizuneko ametsak gauzatzeko ere.

Lotuz lortu! leloak elkarlanaren eta komunitatearen indarra jartzen ditu erdigunean. Ikastolen, familien, herritarren eta euskararen alde lan egiten duten eragileen arteko loturak aldarrikatzen ditu. Izan ere, elkarrekin egindako bideak ematen digu aurrera egiteko indarra.

Logoa

Araba Euskaraz 2027, lotuz lortu!

Argantzungo zubia

Ilustrazioaren oinarrian, Zadorra ibaia zeharkatzen duen Argantzungo Erdi Aroko zubi historikoa irudikatzen da. Zubia ez da soilik Argantzun herriaren ikur arkitektoniko eta geografiko nagusia; mendeetan zehar bideak eta pertsonak elkartu dituen igarobidea ere bada.

Muga geografiko zein administratiboen gainetik, Argantzungo zubiak zubigintza ordezkatzen du: Argantzun, Trebiñu eta Araba osoa josten dituen lotura fisiko eta emozionala. Euskara bera da, zubia bezala, pertsonak, ikastolak eta herriak elkarrekin lotzen dituen oinarri sendoa.

Arabako eta Trebiñuko Soroak

Zubiaren gainean gozo tontortzen diren forma kurbatuek Trebiñuko eta Arabako paisaia ezaguna irudikatzen dute: nekazaritza-lurrak, soro zabalak eta muino leunak. Soroen bidez, ikastolen mugimenduak gure lurrarekin eta bizibidearekin duen lotura historikoa eta errotze sakona azpimarratzen dira.

Soroa nekazaritza-eremua den bezalaxe, euskara eta hezkuntza ereiteko eta zaintzeko lur emankorra da: berde argiak eta ilunak euskararen hazia ereinez komunitate moduan loratzeko, hazteko eta etorkizun oparoa izateko dugun gaitasuna sinbolizatzen dute. Horrez gain, paisaia kurbatu honek mugarik gabeko lurralde baten jarraitutasuna erakusten du, natura eta kultura elkarrekin josten direla azpimarratuz.