Skip to main content

“Lotuz lortu”, Trebiñu eta Araba euskararen bidez josten jarraitzeko

Argantzunen egingo da jaia, ekainaren 13an, Argantzun Ikastolak antolatuta eta Arabako gainerako zazpi ikastolen laguntzarekin.

Urte osoko egitasmoak ikastola sendotzea, euskararekiko konpromisoa zabaltzea eta Trebiñuren eta Arabaren arteko loturak indartzea izango ditu helburu.

Araba Euskaraz´27 aurkezpena

Argantzun, 2026ko urriaren 22a. “Lotuz lortu!” izango da 2027ko Araba Euskarazen leloa. Ekainaren 13an egingo da jaia, Argantzunen, bertako ikastolak antolatuta eta Arabako gainerako zazpi ikastolen laguntzarekin. Gaurko aurkezpenarekin abiatuko da ikastolen, herritarren eta lurraldeko eragileen arteko elkarlana sustatzeko urte osoko egitasmoa. Ikastolak antolatuko duen bosgarren Araba Euskaraz izango da 2027koa.

Unai Mendizabal Araba Euskaraz Elkarteko lehendakariak eta Igone Zubizarreta Argantzun Ikastolako zuzendariak aurkeztu dituzte helburuak, leloa eta irudia. Trebiñun euskarazko hezkuntza indartzeko eta ikastolaren etorkizunerako sostengua biltzeko aukera izango dela nabarmendu dute. «Argantzunek hartuko du antolakuntzaren ardura, baina ez du bakarrik egingo bidea. Arabako zortzi ikastolen egitasmoa da hau», adierazi du Mendizabalek.

Trebiñu eta Araba lotzeko ekarpena

Araba Euskarazek Trebiñuren eta Arabaren arteko loturak sendotu nahi ditu. Testuinguru horretan, Trebiñuko eta Argantzungo udaletan Trebiñu —Arabako Zortzigarren Alaba— administratiboki Arabari lotzeko herri galdeketa egitearen alde onartutako mozioak ekarri ditu gogora Mendizabalek. Egitasmoak ere ekarpena egin nahi du bide horretan, euskararen, hezkuntzaren eta herritarren arteko harremanen bidez.

Horretarako, Trebiñuko eta Arabako eragileekin elkarlana sustatuko dute. Ikastolen hezkuntza-eredua ezagutaraztea eta euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukerak zabaltzea ere izango dituzte helburu. «Argantzun Ikastola indartzea Trebiñun euskara indartzea da», azpimarratu du lehendakariak.

Argantzun Ikastola sendotzeko mugarria

Trebiñuko familiek seme-alabak euskaraz hezteko zuten nahiari erantzunez sortu zen Argantzun Ikastola. 2003an ireki zituen ateak, 11 familiarekin, eta urteotan 40 eta 50 ikasle arteko komunitateari eutsi dio.

Euskara ardatz hartuta, haur bakoitzaren erritmoak eta beharrak errespetatzen dituen hezkuntza-proiektua garatzen du. «Trebiñun euskaraz ikasteko, jolasteko eta harremanak egiteko espazioa eskaintzen dugu», azaldu du Zubizarretak.

Une honetan, aukera guztiak ditugu mahai gainean, proiektua Trebiñun nola indartu eta finkatu erabakitzeko. Urte hau mugarria izango da. Trebiñuko familiek euskarazko hezkuntza-proiektu sendo bat izaten jarrai dezaten», zehaztu du zuzendariak.

Leloa eta logotipoa

“Lotuz lortu!” leloak elkarlanaren eta komunitatearen indarra jartzen du erdigunean. Ikastolen, familien, herritarren eta euskararen alde lan egiten duten eragileen arteko loturak aldarrikatzen ditu, eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko gonbidapena da.

2027ko Araba Euskarazen irudiak Argantzungo Erdi Aroko zubia du oinarri. Zadorra ibaia zeharkatzen duen zubi historikoak Argantzun, Trebiñu eta Araba osoa lotzen dituen igarobidea irudikatzen du: muga geografiko eta administratiboen gainetik, euskara bera bezala, pertsonak, ikastolak eta herriak elkartzen dituen zubigintza.

Zubiaren gaineko soro eta muino leunek Trebiñuko eta Arabako paisaia islatzen dute. Lur emankorraren irudiak ikastolen mugimenduak lurraldearekin duen errotzea adierazten du, eta euskara eta hezkuntza komunitate moduan ereiteko, zaintzeko eta hazteko oinarria dira.

Albisteak

Araba Euskaraz ez da egun bateko festa hutsa. Arabako ikastolen lana eta konpromisoa ikusarazteko, euskararen aldeko komunitatea indartzeko eta gure hizkuntzaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko aukera da.

Amurrion, 2026ko ekainaren 14an. Amurriok giro ezin hobean agurtu du gaurko Araba Euskaraz jaia.