2027an, Araba Euskaraz jaia Argantzunen ospatuko dugu. Argantzun Ikastolak hartuko du Arabako ikastolen jaiaren antolakuntzaren ardura, eta Trebiñu euskararen aldeko elkarlanaren eta ospakizunaren topagune bihurtuko da.
Araba Euskaraz ez da egun bateko festa hutsa. Arabako ikastolen lana eta konpromisoa ikusarazteko, euskararen aldeko komunitatea indartzeko eta gure hizkuntzaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko aukera da. Horregatik, jaia Trebiñun egiteak esanahi berezia du: euskaraz ikasteko, hazteko eta bizitzeko aukerak sustatzen jarraitzeko beharra eta gogoa agerian uzten ditu.
Argantzun Ikastolak urteak daramatza Trebiñun euskarazko hezkuntza eskaintzeko eta euskal kultura biziberritzeko lanean. 2027ko Araba Euskaraz antolatzea erronka eta aukera izango da bide horretan aurrera egiteko, ikastolako komunitatea ez ezik, herritarrak eta Arabako euskaltzaleak ere elkarlanean aritzeko.
Lotuz lortu! izango da 2027ko leloa. Loturak ehuntzea, elkarlanean aritzea eta indarrak batzea ezinbestekoak dira euskararen aldeko bidean. Horixe izango da datorren urteko jaiaren ardatza: komunitatea osatzea, elkarrekin ospatzea eta euskararen etorkizunaren alde urrats berriak egitea. Arabako ikastolen jaia guztion topagunea da. 2027an, beraz, Argantzunen elkartuko gara, euskararen aldeko konpromisoa berritzeko eta elkarrekin lortzen dugun guztia ospatzeko.
Lotuz lortu! Zatoz Araba Euskarazera!