Amurrion, 2026ko ekainaren 14an. Amurriok giro ezin hobean agurtu du gaurko Araba Euskaraz jaia. Egun osoan zehar, milaka herritar elkartu dira gure hizkuntza eta euskal kultura aldarrikatzeko, Ikastolen eredu propio eta integrala ardatz hartuta. Egunaren amaieran egiten dugun balorazioa ezin positiboagoa da; jai giro osasuntsuan eta pozgarrian erakutsi dugu euskarak taupada indartsua duela Araban. Ikastolen mugimendua herri ekimenez eta elkarlanaz eratutako sare zabala da, eta gaurkoan, beste behin ere, agerian geratu da gure komunitatearen indarra. Araba Euskarazen antolakuntzatik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Amurriora etorri diren euskaltzale guztiei. Baina, batez ere, esker berezia zor diegu urte osoan zehar eta gaurko egunean lanean jo eta ke aritu diren boluntarioei —ikasle, irakasle zein gurasoei—, baita jaia posible egin duten laguntzaile, babesle, erakunde eta elkarteei ere. Zuen ekarpenik gabe, auzolan erraldoia eskatzen duen jai hau ez litzateke errealitate izango. Gaurko arrakastak indar berrituta uzten gaitu aurrera begiratzeko. Euskara biziberritzeko eta transmititzeko gure konpromisoak tinko jarraitzen du, eta ildo horretan, datorren urtean Argantzunen izango dugu hitzordua. Bitartean, uda oparo, atseden-emaile eta zoriontsua opatu nahi dizuegu guztioi.