Milaka ikastolazale etorri ziren, atzo, Gasteizera euskaran eta Araba Euskarazen murgiltzera. Bastida Ikastola, Arabako ikastoletako komunitatea eta Araba Euskaraz Kultur Elkartea oso pozik gaude herritarrek eman duten erantzunarekin. Eguna biribil irten da, eta eskerrak eman nahi dizkiegu gure ikastoletako komunitateari, haiekin batean auzolanean ibili diren herritar eta elkarteei, eta era batera edo bestera eskuz esku gurekin batera aritu diren boluntario guztiei. Guztion artean egun gogoangarria antolatu eta aurrera eraman dugu, eta azken egunetako gorabeherei arrakastarekin erantzun diegu. Zorionak denoi.
Eguna biribila izateko osagai ugari izan ditugu: egitarau zabala (ikuskizunak, tailerrak, artistak…); Arabako Ikastolen Erronka; hasiera ekitaldian izan den giro ona, bai eta egunean zehar, eguraldia lagun, sortu den lagunarte giro ederra.
Gasteizera etorri diren milaka lagunentzako ikastolen, euskararen eta euskal kulturaren jai handi honetako egitarauan zeuden ekintza guztiak aurrera atera ditugu, eta une gogoangarriak ere bizi izan ditugu. Azpimarratu nahiko genituzke parte-hartzea sustatzen duten bi ekimen. Batetik, azken urteotan herrialde guztiotako ikastolen jaietan gazte eta gaztetxoen parte-hartzea sustatzea eta haiek protagonista bilakatzea helburu dituen Erronka egitasmoa. Lehia sanoan ikastola desberdinetako ikasleak aritu dira, haientzat prestatutako ariketa eta erronka desberdinetan. Bestetik, berriz, Araba Euskaraz Dantza Plaza aipatu nahiko genuke. Zoragarria izan da ehunka lagun, haur, nerabe, gazte, heldu eta nagusiak elkarrekin dantzan ikustea, parte hartuz, soka batean. Euskarak eta euskal kulturak sortzaileak behar dituzte, baina baita ikus-entzule aktiboak ere, eta nola ez, parte-hartzaileak. Uste dugu gure kulturan murgiltzea bezalakorik ez dagoela berau biziberritzeko.
Zortzi ikastolak eskuz esku aritu dira gaur lanean, Bastida ikastolaren alde. Arabar Errioxako ikastola honen proiektua aurrera eramateko beharrezko hauspoa eta laguntza ekonomikoa jaso dugu igandean. Une honetan ezin dugu aurreratu gure helburuetara iritsi garen edo ez. Baina herritarrek eman duten erantzuna itzela izan da, eta uneotan horrekin geratzen gara, arabarrek eta Euskal Herritik etorritako herritarrek euskara, euskal kultura eta ikastolak etengabe hauspotzeko asmoarekin bat egin dutela.
Eskerrik asko guztioi!
