Dena prest daukagu heldu den ekainaren 15ean Araba Euskaraz Eguna ospatzeko. Gasteizko Olarizuko zelaietan ospatu gura genuen aurten ere, baina ezin izan dugu. Halere ez dugu Arabako hiriburua utziko, Gasteizen ospatuko baitugu igande honetan Araba Euskaraz, Armentia ikastola, Mendizorrotza eta Prado Parkearen inguruan. Azken egunetan Olarizuko parkean ospatu ahal izateko ahaleginak egin ditugu; aldeekin hitz egin dugu, baina ezin izan dugu garantiarik lortu igande honetarako Olarizuko parkea gurea bezalako jai bat ospatu ahal izateko moduan egoteko. Hori dela-eta eskenatokia mugitu egin dugu, baina aurreikusita genituen ekitaldi eta ikuskizun guztiak aurrera aterako ditugu.
Bastida Ikastolari laguntzeko antolatu dugu Arabako Ikastolen aurtengo jaia, eta urte osora eraman dugu Araba Euskaraz, gure lurraldeko hamaika herritara. Guztia auzolanean, ikastola guztiok elkarrekin egindakoa. Egitaraua aurkeztu dugu gaur, askotarikoa eta parte-hartzailea, euskara eta euskal kultura ardatz eta herritarrak protagonista izango diren eguna biribildu dugu.
Badakizue, era berean, Arabako zortzi ikastolon artean antolatu dugula ekitaldi hau, aurreko hiru edizioak bezala. Eskuz esku, eta buruz buru, auzolanean. Urte osoa eman dugu elkarrekin lanean, eta gaurko aurkezpenean ere ikastola guztiok azaldu gara. Lau urteko esperientzia honek erakutsi digu batasunak ematen digun indarra. Indarra, Arabako ikastolen jaia antolatzeko eta aurrera eramateko. Eta indarraz gain, elkar hobeto ezagutzeko, elkarlanaren balioan sakontzeko eta elkarren arteko harremanak ehuntzeko balio izan digu. Urrutira iritsi nahi dugulako goaz batera. Eta ziur gaude, Araba Euskaraz antolatzeko bezala, beste hainbat esparrutan ere balioko digula elkarlan honek.
Eta badakizue, halaber, urte honetako Araba Euskaraz jaiarekin Bastida Ikastola lagundu nahi dugula. Bastida Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Bastidan eta Arabar Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilpen eremuak zabaltzeko baliatuko dugu gure jaia.
URTE OSOKO ARABA EUSKARAZ
Gure jaia zortzi ikastolok elkarrekin antolatzen hasi ginetik erabaki genuen Araba Euskaraz urte osoko prozesua izango zela; ekaineko jaiak amaiera ematen dion urtea, hain zuzen ere. Horrekin batera, Araba Euskaraz urtero Araba osora hedatuko genuela esan genuen. Eta aurten ere hala izan da.
Udazkenetik udaberrira bitartean Arabako ahalik eta txoko gehienetara iritsi gara, ekimen desberdinen bitartez. Iazko abenduan, Gazte Talent, Arabako musika talde eta bakarlari gazteen lehiaketarekin ekin genion urteari. Urtarrilean GO!azen 11ko lagunen emanaldi bikoitzaz gozatu ahal izan genuen Gasteizen. Otsailean, Euskal Pilota Topaketa antolatu genuen Bastidan. Martxoan zehar, hiru astez Gasteizko Olabe frontoian emakumezkoen zein gizonezkoen zesta punta liga ofizialeko Araba Euskaraz Jai Alai Master Series txapelketa puntuagarria jokatu zen. Martxoari bukaera gogoangarria emateko, Mikel Urdangarinek Kirmen Uribek idatzitako letrarekin konposatutako kanta aurkeztu genuen Gasteizko Europa jauregiko agertokiko kontzertuan. Apirilean, Euskal Herriko periferian dauden ikastoletako eta aurtengo jaien antolatzaile diren ikastoletako 14-16 urte bitarteko gazteen arteko trukaketa izan genuen egun batez Bastidan, Non eta Mugan ekimenaren baitan. Apirilean ere, Arabako ikastolen ekimen bateratu gisa, martxak antolatu genituen Bastida, Argantzun eta Amurrion. Bukatzeko, maiatza erdialdean Bastidan ospatu dugu Etengabe Jaia, ekainaren 15ean Gasteizen ospatuko dugun jai egun handiaren atariko bezala.
Ikusten duzuen bezala, urte oparoa izan dugu. Eta hau guzti hau aurrera atera dugu, ikastolon komunitateari esker, elkarlanari eta auzolanari esker, bai eta beste elkarte eta erakunde batzuekin egindako lanari esker ere, eta horiek aurrera ateratzeko babes ekonomikoa eman diguten erakunde eta enpresei esker.
EGITARAUA
Ekainaren 15ari begira, berriz, askotariko ikuskizun, tailer eta jolas eta jokoak prestatu ditugu, adin guztiei zuzendutakoak, baina, batez ere, haur, nerabe eta gaztetxoentzat. Dena den, familia giroa da azpimarratu nahi duguna, familian ospatzeko egitaraua baita gurea. Baina lagunartean ere gozatzeko moduko menua prestatu dugu.
Goizeko hamarretan abiatuko dugu Araba Euskaraz jaia, Armentia Ikastolan. Ordutik aurrera, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango ditu Araba Euskarazera datorrenak.
Hiru gunetan egingo da gure jaia.
- Lautada gunea: ARMENTIA IKASTOLA
- Mendia gunea: MENDIZORROTZA
- Erreka gunea: PRADO PARKEA
Kalejirak ere izango dira, gune batetik bestera: 10:45ean Armentia Ikastolako Trikitilariak 11:00etan Arai Erraldoien Konpartsa 12:00etan Ondarroako Kresala Musika Banda
Eta Arabako ikastoletako ikasleen Erronkak ere egingo dira: Lehen Hezkuntzako ikasleak Mendia gunean arituko dira lehia sanoan, eta DBHkoak, berriz, gune guztietan.
Zirkuitutik kanpo, Ogeta pilotalekuan, Arabako Herri Arteko Euskal Pilota txapelketako finalak jokatuko dira 10:30etatik aurrera.
ZENBAIT AHOLKU
Egun gogoangarria, zoriontsua eta alaia izatea da gure asmoa, eta, era berean, ahalik eta erosoena izatea gurekin Arabako ikastolen jaia ospatzera etorriko diren guztientzat. Era berean, ahalik eta jai jasangarriena antolatu nahi dugu. Horregatik zenbait gomendio luzatu nahi dugu.
- Gasteizera etortzeko garraio publikoa erabiltzea. Autobusentzako geltokia Portal de Lasarte kalean egongo da eta autobusak Maite Zuñiga kalean aparkatzeko aukera izango dute.
- Ezinbestean autoetan datozentzat aparkatzeko Paseo del Peregrino kalea prestatu dugu.
- Gasteiztik bertatik datozenei, oinez edo bizikletaz etortzeko aholkatu nahi diegu. Mendizorrotzan bizikletentzat aparkalekuak prest egongo dira.
- Azkenik, edalontziak etxetik ekartzeko eskatu nahi dugu, edota txosnetan ditugunak erabiltzen badira, txosnetan bertan edo horretarako egokituko ditugun guneetan uzteko, berrerabilgarriak baitira.
