Sormena, hezkuntza-teknologia eta euskara uztartu ditugu Bastida Ikastolan garatu dugun proiektu berritzaile honetan. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek, irakasleen gidaritzapean, Araba Euskarazen inguruko Escape Room baten sorkuntzan parte hartu dugu, izan ere, Arabako ikastolen aldeko jaialdiaren anfitrioiak gara aurten.
Proiektu berritzaile honek ez ditu parte-hartzaileak euskara eta Araba Euskarazen murgiltzen soilik, ikaskuntza modu aktibo, ko-sortzaile, ludiko eta motibagarria ere sustatzen du, ikasleak protagonista bihurtuz. Erronka interaktiboen bidez—adimen artifiziala, jolasak, hitz-hodeiak, pentsamendu konputazionaleko jarduerak edo ikasleek grabatutako podkastak—, proiektuak pentsamendu kritikoa, arazoen konponbidea eta sormena sustatzen ditu. Sortutako baliabide guztiak ikastolan bertan sortutako Metaberso batean ikus daitezke.
Ihes-gela honen bidez, Bastida Ikastolak berrikuntza pedagogikoaren aldeko apustua erakusten du, eta gainera, euskaraz ikastea eta bizitzea zein garrantzitsua den azpimarratzen du. Hurrengo asteetan ikastolekin partekatuko dute proiektua, eta erronketan parte hartzera gonbidatzen dituzte misioa lortzeko: Argitxori galdu den hitza aurkitzen laguntzea.
"Ikasleak bere ikaskuntzaren protagonista izatea nahi genuen, esperimentatu, ikertu eta sor zezaten, Bastida Ikastolako hormak gainditzen dituen proiektu batean, gainerako ikastolek ere parte hartu ahal izateko" azaldu dute irakasle-taldeak. Bastida Ikastolak hezkuntza bizia, parte-hartzailea eta gure gizartearen ezaugarriekin konektatuta sustatzeko konpromisoa berretsi du.

