Etengabe aldatu beharra dago bizirauteko, baina etenik gabe ere garatu da Bastida Ikastolaren proiektua. Aurten, proiektu digital berritzaile bat ondu dugu. Araba Euskaraz-ekin nahikoa lanpeturik ez, eta erronka berri batekin gatoz.
Hurbiltzen ari da, ez da asko falta, eta gure buru-besoak nekatuta daude jada. Araba Euskaraz antolatzea lan ikaragarria da, baina, era berean, hurrengo urteetara begira, hor dago Bastida Ikastolaren proiektuarentzako aukera berriak sortzeko ilusioa ere. Beraz, idatzi zuen agendan. Bastida Ikastolarentzat oso garrantzitsua izango da-eta zuetako bakoitza Gasteizko Olarizuko zelaietan gurekin elkartzea Araba Euskaraz jaian. Are, zuetako bakoitzak, ilusioz, gonbita ingurukoei ere egitea.
Aurreko artikuluan gure ikastolaren hasierako urteak ekarri genituen gogora. Oso ezberdina zen guztia orduan. Asko aldatu dira garaiak, eta asko aldatu gara gu ere. Hala ere, bada Bastida Ikastolan etengabe harilkatzen gaituen zerbait, urteak pasatu arren gure jarduna bereizgarri egiten duena. Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarinek zoragarri islatu dute hori aurtengo Araba Euskaraz-eko abestian. Eskutik eskura doan su txiki bat bada, askotan itzaltzeko zorian izan dena, baina gutariko bakoitzak, banaka zein auzolanean, hartutako erabakiekin gaurdaino bizirik ekarri duguna. Etenik gabe.
Bastida Ikastola ere asko aldatu da urteekin, nola ez. Etengabe aldatu beharra baitago bizirauteko. Baina etenik gabe aldatu da. Hasiera-hasiera hartan, 1979. urtean, ikastolen mugimenduarekin elkarlanean abiatu ginenean izan genituen jomugek etenik gabe jarraitu baitute gure jardunaren ardatz izaten. Orduan piztu zen su txiki hura ere, eskutik eskura ekarri dugu denon artean. Agian, su txikiak esan beharko genuke, pluralean, asko baitira euskararen herrietan zaindu eta transmititutako sutxoak, nahiz eta den-denak jatorrizko gar bakarrean sortuak izan.
Garai berrietara egokituz
Etengabe garai berrietara egokituz joan gara, hortaz. Esate baterako, azken urteetan, baliabide digitalek eragin handia izan dute irakaskuntzan. Izan Europatik datozkigun titulazio eskariengatik, izan behar bereziak dituzten haurrekin lan egiteko baliabideak sortzen ari direlako, zer esan adimen artifizialak ekar dezakeenaz… Aurten, buru-belarri murgildu gara lan ildo horretan ere, ikastolen jostorratza sartu eta gure sorrerako jomuga haiek buruan, josi eta josi. Hain zuzen ere, Araba Euskaraz aitzakia hartuta, ihes gela edo scape room formatuan, irakasleok baliabide digitaletan trebatu eta gure ikasleei euskara, ikastolen jaiak eta gure herria ezagutarazteko aukera baliatu nahi izan dugu.
Hain polita geratu zaigulakoan gaude, Euskal Herriko ikastola guztiei gonbita egin baitiegu sortu dugun artefaktu horrekin jolasteko. Batetik, ikasleak egingo duten lanaren protagonista izango dira, ikaskuntza aktibo, kosortzaile, ludiko eta motibagarri baten bitartez, eta, bestetik, irakasleek lagundu egingo diete sortutako lan horiek baliabide digital bilakatzeko.
Zalantza asko dago horrelako teknologiak hezkuntzan erabili behar ote ditugun ala ez, zein adinetan edo nola. Guk ere izan ditugu gureak, baina prozesu guztiaren erdigunean haurra eta hezkuntza bera kokatu ditugu. Bizi garen gizarterako herritar parte hartzaile, elkarreragile eta kritikoak prestatzeko, XXI. mendeko gizartearen erronkei aurre egiteko. Irakasleok tresna eta estrategia berriak ezagutu behar ditugu eremu ezezagun horietan ikasleen bidelagun izateko.
Ikasturte luzeari amaiera ederra emango genioke Euskal Herriko bazter guztietako haurren lanak, sorkuntzak, burutazioak eta ikaskuntzak atari batean polit bilduta munduari erakutsiko bagenizkio. Edo besterik gabe, geure artean, batzuek eta besteek egindakoaz gozatu.
Etengabe Jaia maiatzaren 17an, Araba Euskaraz ekainaren 15ean
Araba Euskaraz izan da gure proiektu honen aitzakia. Hain zuzen, Araba Euskaraz bera ere asko aldatu da urteekin. Badakizue: etengabe baina etenik gabe. Aldatu ez dena euskara eta ikastolak maite dituen jendarte aktibatua da, erronka berriei aurrez aurre begiratzen diena, gure herri gutxitu honetan ikastolen lana bultzatzen duena, herri ikuspegia duena eta datozen ekitaldietan ikastolen jaietara batzera deitzen duguna. Agendan gordetzeko bi data botako dizkizuegu guk: maiatzaren 17an, Bastidan, Etengabe Jaia, eta ekainaren 15ean, Gasteizko Olarizu parkean, Araba Euskaraz.
Euskal Herriak ikastolak behar dituelako eta Bastida Ikastolak zuek behar zaituztelako.
