2026. urteko Araba Euskaraz jaia aurkeztu dugu gaur, azken aldietan bezala, Araba Euskaraz urtea izango dena, urtean zehar hainbat ekintza programatuko baitugu. Jaia, ohi bezala, ekainean ospatuko dugu, 14an, Amurrion. Urteko ekitaldiei, berriz, azaroan emango diegu hasiera, hura ere Amurrion. Izan ere, Amurrioko Aresketa ikastola laguntzeko egingo dugu 2026ko Araba Euskaraz. Taupadak berpiztu! Izango da urte honetako leloa.

Edizio honetarako sortu ditugun leloa eta logotipoa erakusteaz gain, azarotik ekainera bitarte aurreikusten ditugun ekimenak ere aurkeztu ditugu gaurko agerraldian.
Aurreko lau edizioak, pandemia ostekoak, Arabako zortzi ikastolok elkarrekin antolatu dugu Araba Euskaraz, eta Gasteizen ospatu ditugu lau ekitaldiak. Horiekin alderatuta, aldaketa batzuk izango ditu 2026ko Araba Euskarazek. Lehena, ez dela Gasteizen ospatuko, Amurrion baizik. Bigarrena, Aresketa ikastolak hartuko duela antolaketaren pisu handiena, beste zazpi ikastolak ere hor egongo diren arren Aresketa ikastolak nahi eta behar duen guztietan esku bat luzatzeko.
Antolaketa tradizionalera itzuli gara eta hauek dira arrazoiak: Aresketa ikastolako komunitateak nahikoa indar eta gogo dituela Araba Euskaraz antolatzeko eta Amurrion ospatu nahi dutela Araba Euskaraz. Araba Euskaraz elkarrekin antolatzen hasi ginenean adierazi genuen, ez genuela formatua eta lekua betikotzeko asmorik. Era berean, hurrengoa lehengo formatura itzuliko den arren, ez du esan nahi hurrengo edizioetan berriro ere zortziok batera antolatzeko aukera baztertzen dugula.
ARESKETA IKASTOLA
1977. urtean sortutako ikastola da geurea. Ezinezkoa zirudiena egia bihurtu zuen urte hartan Amurrioko guraso talde batek: euren seme-alabei kalitatezko hezkuntza eskaintzea eta berau euskaraz izatea. Hasierak batere errazak izan ez baziren ere, etengabeko lanaren ondorioz, sendotutako proiektuaz ari gara gaur egun.
Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 600 ikasle baino gehiago duen irabazi-asmorik gabeko kooperatiba elkartea da Aresketa Ikastola, Euskal Herriko Ikastolen partaide dena, hasierako helburu haiekiko leial segitzen duena eta, etengabean, Amurrioko zein Aiaraldeko familiei kalitatezko hezkuntza euskalduna bilatzen diharduena. Ikasle horiek, 400 familiak eta 70 profesionalek osatzen dute gure komunitatea, bai eta Amurrioko eta Aiaraldeko ehunka ikastolazalek ere.
HELBURUAK
2026ko Araba Euskarazen bitartez hauek dira gure ikastolak lortu nahi dituen helburuak:
- Gure hizkuntzari, euskarari, bere bizi-iraupenerako behar-beharrezkoa zaion txinparta ematea, eguneroko bizitzan euskararen presentzia areagotuz:
- Euskaldunak direnengan hizkuntzarekiko euren konpromisoa zein garrantzitsua den ohartaraziz
- Euskarara hurbildu ez direnei berau guztiona dela, eurena ere bai, eta guztiz ona dela adieraziz, euskararen hurbiltze bideari ekin diezaioten, euren ekarpena ezinbestekoa delako.
- Euskal Herrira heltzen ari diren guztiei bizirik dirauen Europako hizkuntzarik zaharrena ezagutarazi, haren erabilerak sortzen dituen kili-kiliak erakutsiz, gurekin batera euskarak iraun dezan beharrezkoak baititugu.
- Hezkuntza komunitate osoaren arteko elkarlana bultzatzea, herritik eta herriarentzat lan eginez, euskarak batzen gaituen sare sendo eta bizigarri bat eraikitzeko.
- Kolektibotasunaren eta kooperazioaren balioak berrindartzea, garai zail hauetan elkartasunaren taupada berpiztuz eta auzolana bezalako sustrai sendoak berriz ere plazara ekarriz.
- Aresketa Ikastolaren proiektua ezagutaraztea eta zabaltzea, euskara eta haren transmisioan, kulturartekotasunean eta giza balioetan oinarritutako komunitate zabal eta anitz baten eraketan urratsak emanez.
ANTOLAKETA
Aurtengo Araba Euskaraz amaitu berritan ekin genion datorren urtekoa prestatzeko lanari. Ikastolan dagoeneko sortu ditugu honelako jai batek eskatzen dituen batzordeak, eta lehen urratsak ere egin ditugu lan honetan. Auzonalean eta elkarlanean arituko gara, eta beste ikastolen laguntza ere jasoko dugula ziur gaude, ikastolok ez baitakigu beste modu batera funtzionatzen auzolanean eta elkarlanean ez bada. Ikastolen arteko elkarlanaz gain, Arabako, Aiaraldeko eta Amurrioko herri eragileekin elkarlana sustatzeko asmoa ere badugu, eta ari gara dagoeneko horretan. Aurreko urteotan bezala, Araba Euskaraz ez da jai egun bakar bat izango.
Ikasturte osoan Amurrion, Aiaraldean eta Gasteizen jarduerak eta ekitaldiak antolatuko ditugu. Urte osoko lana aurreikusten dugu eta ARABA EUSKARAZ eguna, ekainaren 14an Amurrion ospatuko duguna, urte osoari bukaera ematen dion jai eguna izango da.
TAUPADAK BERPIZTU! da 2026ko Araba Euskarazentzat aukeratutako leloa:
- Taupadek erritmoa markatzen dute, taupadek esaten digute bihotza martxan dugula. Taupadek adierazten dute bizirik gaudela.
- Euskaldunok euskara daramagu bihotzean, eta taupadak behar ditugu euskara bihotzetik burura eta mihira eramateko.
- Azterketek eta datuek esaten digute euskararen erabilerak erritmoa galdu duela, ezagutza eta erabilera deskonpasatuta doazela. Korronte zuzeneko txinparta bat behar dugula bihotzera.
- Hori egitera goaz Amurriotik Araba osora, bulkada handi bat ematera euskarari, taupadak berpiztera. Gizartearen loturak berreraiki, nortasuna landu, elkartasuna bultzatu eta euskararen taupada berpiztu nahi dugu.
LOGOTIPOA
Bihotz baten erdira doan eta zeharkatzen duen txinparta bat aukeratu dugu logotipo bezala. Hain zuzen ere, taupadak berpizteko korronte zuzeneko txinparta bat da; bihotzaren inguruko marratxoek mugimendua ematen diote bihotzari, taupaka jartzen du berriro, alegia, taupadak berpizten ditu.
ARABA EUSKARAZ ‘26
Arestian aipatu bezala, Araba Euskaraz urte osora eramango dugu aurten ere, eta Amurriora bezala, Aiaraldera eta Gasteizera ere eramango dugu Araba Euskaraz.
Urtean zehar hainbat ekimen eramango ditugu aurrera, azarotik hasita. Datetan aldaketaren bat izan daitekeen arren, eta aipatzen direnez gain besteren bat ere antolatu dezakegun arren, hauek dira gaur egun buruan ditugun ekimenak:
- Azaroak 9: Araba Euskaraz 26 Aurkezpen jaia (Amurrio).
- Abenduan: Gazte Talent lehiaketaren finala (Gasteiz).
- Urtarrilak 25: Go!azen kontzertua, (Gasteiz).
- Otsailean: Araba Euskaraz´26 Euskal Pilota Topaketak, (Amurrio).
- Martxoan: Araba Euskaraz´26 Jai Alai Masters Series, Jai Alai liga (Gasteiz).
- Apirilean: Araba Euskara´26 kantaren aurkezpena. (Aiaraldean)
- Maiatzean: (zehazteke)
- Ekainak 14: Araba Euskaraz 2026 jaia, (Amurrio)
Araba Euskaraz egunari begira, berriz, aurreko urteotan bezala, haurrei eta familiei bideratutako jai eguna ari gara prestatzen, baina adin guztietarako askotariko kultur ekimenak eskainiko ditugu. Jai parte-hartzailea izatea nahi dugu, eta euskararen erabilpena bultzatuko duena. Erakundeek eta babesleek eta laguntzaileek tokia izango duten jaia izango da.