Skip to main content

Arbasoen su txikia (Etenik gabe) Araba Euskarazen aurtengo kanta eta bideokliparen aurkezpena

Gaur aurkeztu ditugu Araba Euskarazen aurtengo kanta eta bideoklipa. Arbasoen su Txikia (Etenik gabe) da abestia, eta Mikel Urdangarinek jarri  dio  musika eta Kirmen Uribek letra. Abestiaren grabazioan, bere taldeaz gain, hainbat artistaren laguntza izan du Urdangarinek: Iñigo Etxezarreta (ETS), Iñaki Ortiz de Villalva (Betagarri eta Modus Operandi), Jon Basaguren (Izaki Gardenak eta Pasadena), Libe Garcia de Cortazar (Izaki Gardenak eta Pasadena), Iratxe Aguilera (Kai Nakai), eta Adriana Fernandez. Euskararen transmisioari, euskara gaur egunera arte ekarri duten hainbat pertsona ezagun eta herritar xumeren ekarpenari egiten die erreferentzia, baita ikastolei eta Araba Euskarazi ere. Bideoklipa, berriz, Jon Santamariak egin du eta gure arbasoen sugarra piztuta mantenduta, eta jakintza horietan oinarrituta, esperientzia berriak eta abenturak bizitzera gonbidatu nahi izan du bideoklipaz gozatzen duen ikuslegoa.  Mikel Urdangarinek gaur joko du abesti hau lehen aldiz zuzenean, Araba Euskarazek Gasteizko Europa Jauregian antolatu duen kontzertuan.

https://youtu.be/ANueGGTcqsQ

Hauek izan dira gaurko agerraldian parte hartu duten ordezkarien hitzak:

UNAI MENDIZABAL, Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakaria

2025. urteko Araba Euskaraz eguna hurbiltzen ari zaigu. Hiru hilabete eskas geratzen zaigu, berriro ere milaka euskaltzale elkartzeko, Olarizun, Gasteizen. Egunari begira jarriak gara dagoeneko, eta aurreko urteotan bezala, bereziki haurrei eta familiei bideratutako jai eguna ari gara prestatzen. Halere, adin guztietarako askotariko kultur ekimenak eskainiko ditugu ekainaren 15eko Araba Euskaraz egunean. Jai parte-hartzailea izatea nahi dugu, eta euskararen erabilpena bultzatuko duena.

Gure jaiak abesti bat izan ohi du, ereserki bat egunean bertan eta aurreko asteetan txoko guztietan entzun ohi dena. Eta gaur abestia eta bideoklipa aurkeztera gatozkizue. Gurekin dugu abestiari musika eta ahotsa jarri  diona, Mikel Urdangarin, Gurekin, bideokonferentziaren bitartez, ditugu baita ere Kirmen Uribe, abestiari letra jarri diona eta bideoklipa egin duena, Jon Santamaria.

ARBASOEN SU TXIKIA (Etenik gabe), da aurtengo abestia, euskararen transmisioari, euskara gaur egunera arte ekarri duten hainbat pertsona ezagun eta herritar xumeren ekarpenari egiten die erreferentzia, baita ikastolei eta Araba Euskarazi ere. Alegia, garai  zailei, debekuei eta jazarpenari aurre eginez, euskara bizirik iraunarazi zutenei.

Mikel Urdangarinek bere taldekideak izan ditu abestia ontzeko, Koldo Uriarte, Ander Hurtado de Saratxo eta Rafa Rueda. Halaber, ahots gonbidatu ugari bildu ditu kantuan: Iñigo Etxezarreta (ETS), Iñaki Ortiz de Villalva (Betagarri eta Modus Operandi), Jon Basaguren (Izaki Gardenak eta Pasadena), Libe Garcia de Cortazar (Izaki Gardenak eta Pasadena), Iratxe Aguilera (Kai Nakai), eta Adriana Fernandez. 

KIRMEN URIBE

“Esan dezakegu kanta oso landua datorrela. Biok ibili gara elkarri letrak eta doinuak pasatzen ikusteko zein izango zen onena. Ez da izan lehen aukera egin eta listo. Lanketa handia dago. Azkenean Mikelek pasatako musika bati jarro nion letra, gaia berarekin partekatu eta gero. Eta hitzak ere doinuari egokitzen ibili ginen, berbak aldatuz. Erraz sartu behar da letra. Lana, beraz. Beti egiten dugu horrela.

Kantak transmisioari ematen dio garrantzia, erabileragatik dagoela bizirik euskara esaten dugu. Eta beste alde batetik azpimarratu nahi izan dugu Araba beti izan dela euskaldun, eta hor datoz Landucci, Lazarraga eta Lauaxetaren aipamenak. Garai zailei egiten zaie erreferentzia baina esaten da baita ere euskarak iraun duela norbaitek eutsi diolako kateari, anonimoa den norbaitek, jende xeheak.”

MIKEL URDANGARIN

“Joan den udan Ketxuren enkargua jaso eta,  azken  diskoaren grabaketan murgilduta egon arren,  berehala ekin nion konposaketa lanari. Araba Euskarazerako kantua egitea erronka polita izan da  niretzat, orain ia hiru  hamarkadatik hona  aterpetu nauen lurraldearekiko lotura indartzeko aukera  aproposa baita ere.

Kirmenen letra bati beste behin musika jartzeko aukera izatea, bestalde,  opari eder bat izan da. Gure arteko lokarriak indartzeko beste abagune on bat. Izan ere, Kirmenenekin elkarlanean aritu izanak indar emozionala eransten dio kantuari. Eta kantu bat, zerbait izatekotan, emozioa da, emozio on iturri. Zerbait ezberdin eta ezohiko egin nahi genuen eta esango nuke lortu dugula. Ia zuek  zer diozuen!

Aspalditik taldekide dudan Koldo Uriarte ekoizle bezala izateak ere borobildu eta indartu du arestian aipatutako sentipena.

Amaitzeko, ilusio berezia eman dit  gonbidatu talde zoragarriarekin lan egin izanak, haien ahotsek ederki hauspotu dute Arbasoen su txikia.”

JON SANTAMARIA

“Gure arbasoen sugarra piztuta mantenduta, eta jakintza horietan oinarrituta, esperientzia berriak eta abenturak bizitzera gonbidatu nahi dugu bideoklipaz gozatzen duen ikuslegoa.”

KETXU BEDIALAUNETA, Bastida ikastolako zuzendaria

Ikastola txikia da Bastidakoa. 132 ikasle ditugu, eta 90 familiaren eta 25 langileren artean ateratzen dugu aurrera. 1979. urtean sortu ginen, eta ordutik buru belarri gabiltza eskualde erdaldun batean irakaskuntzan bezala euskalgintzan. Arabar Errioxako beste bi ikastolarekin elkarlanean, eta Arabako eta Euskal Herriko ikastolen laguntzarekin, Bastidan eta eskualdean euskara biziberritu dadin su txikiari eusten dihardugu.

Mikel Urdangarini Araba Euskarazen aurtengo abestia sor zezan eskatu genionean eta baiezkoa eman zigunean, ziur geunden kanta handi bat egingo zuela. Lekutan utzi ditu gure itxaropenak! Gainditu egin ditu eta harago joan da! Kirmen Uriberen, bere bandaren eta ahots gonbidatuen ekarpenekin abesti zirraragarria lortu dute elkarlanean. Eta Jon Santamariak abestia biribildu du irudien bitartez.

Elkarlana aipatu dut, eta berriro azpimarratu nahi dut hitz hori. Izan ere elkarlana eta auzolana dira gure jaia antolatzeko lehengai nagusiak. Aurten ere Arabako ikastola guztiak inplikatu gara Araba Euskaraz antolatzeko, bai eguna bera, eta baita urtean zehar antolatzen ari garen askotariko ekitaldiak aurrera eramateko ere. 

Ekitaldi horietako bat gaur bertan egingo dugu. Mikel Urdangarin eta bere taldearen kontzertua antolatu dugu arratsaldeko zazpietan Gasteizko Europa Jauregian. Bertan joko du zuzenean estreinako aldiz , Arbasoen su txikia (Etenik gabe) abestia.

 

ARBASOEN SU TXIKIA (Etenik gabe)

Pentsa, erromatarrek
Irulegiko herrixka hura
nola desegin zuten,
esklabo hartuz, etxeak errez.

Baina gutariko batek
euskaraz egiten
jarraitu zuen.
Arbasoen su txikia
eskutik eskura, igarotzen.

Pentsa, Lazarragaren poema eder
desagertuez, hainbat mendez.
Pentsa, Landucci haren hiztegirako
sei mila berbez.

Baina gutariko batek
euskaraz egiten
jarraitu zuen.
Aurrekoen su txikia
eskutik eskura igarotzen.

Gerran, fusilatu zuten Lauaxeta
Santa Isabelen.
Gure hizkuntza ezin zen
inon hitz egin, galarazi zen.

Baina gutariko batek
euskaraz egiten
jarraitu zuen.
Arbasoen su txikia
eskutik eskura igarotzen.

Ikastolak sortu ziren,
Araba euskaraz iratzarri zen.
Euskararen su txikiak
milaka ta milaka bihotz ditu berotzen,
etenik gabe.

 

FITXA TEKNIKOA

Kirmen Uribe: Hitzak.
Mikel Urdangarin: Musika eta ahotsa.
Koldo UriarteSintetizadoreak, pianoa, testura elektronikoak.
Ander Hurtado de SaratxoBateria.
Rafa RuedaGitarra elektrikoa.
Ahots gonbidatuak: Iñigo Etxezarreta (ETS), Iñaki Ortiz de Villalva (Betagarri eta Modus Operandi), Jon Basaguren (Izaki Gardenak eta Pasadena), Libe Garcia de Cortazar (Izaki Gardenak eta Pasadena), Iratxe Aguilera (Kai Nakai), Adriana Fernandez.
Jon Santamaria: Bideokliparen egilea.

kanta aurkezpena