Skip to main content

Urriesti-Lekerika eta Maite-Arai Araba Euskaraz Jai Alai Master Series-etan irabazle!

ELAIA-MAIALEN vs MAITE-ARAI: 15-10, 6-15, 4-5
URREISTI-LEKERIKA vs ERKIAGA-DEL RIO: 15-9, 15-13
Publiko arabarrek ez du hutsik egin, dagoeneko urteroko zita bilakatu den Araba Euskaraz Master Seriesean. Sarrera ona eta giro ederra Olabe pilotalekuan eta ikuskizun entretenigarria gizonezkoen zein emakumezkoen finaletan. Gizonezkoetan, meritu handiz osos gailendu dira Eñaut Urreisti eta Unai Lekerikabeaskoa. Adi gernikarrari. Denboraldi honetan irabazi duen bigarren Masterra da, Paueko "Cesta de Nadau" edo gabon-txapelketa eta gero. Emakumeetan, Maite Ortiz de Mendibil arabarrak etxean irabaztea lortu du, Arairen laguntzarekin, partida zail bati buelta emanez.
Izan ere, Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal berriatuarrak izan dira nagusi lehen jokoan. Elaia, publikoak atsegin duen moduan, ausart eta errematatzaile eta Maialen, beste inor baino seguruago. Lehen jokoan huts bakarra egin du eta ezker horman pilota gaitz asko jarri. 15-10 irabazi dute seta baina bigarrenean, estrategia aldatu dute horiek. Horren ondorioz Elaia askoz gutxiago sartu da jokoan eta asko kargatu dute Aldazabal. Lau pilotarietan indartsuena Maite da. Gatza dauka besoan eta errebesez zein eskumaz, indar handiz (eta elegante!) atzeratzen du. Postura natural eta ederrak ditu Maitek. Arai bestalde, seguru handi bat da, bista handiko pilotaria. Seina berdindu eta gero, 15. kartoira joan dira horiak zuzenean, pilota atzera eta atzera botata. Desenpateko jokoan, 4-2 aurreratu dira berriatuarrak baina hiru tantu segidan egin dituzte horiek, partida eta seta irauliz. 4-5. Txapeletako bat, Gasteizen geratu da.
Gizonezkoetan, merezitako garaipena lortu dute Urreistik eta Lekerikak. Partida oso ona jokatu du mutrikuarrak. Konfiantzaz jokatu du eta errematean asmatuz. Sakera ere sartu da eta sahietsetik tanto onak egin ditu. Baina zerbait nabarmentzekotan, bikote berdearen komunikazioa edo hartuemana izan da. Elkar ondo ulertzen dira Eñaut eta Unai. Azken honek, langile-buzoa jantzi eta partida sakrifikatua jokatu du. Ofizio handikoa. Lehenengo setean, nabarmen gehiago izan dira, 15-9, eta bigarrenean ere gehiago sinistu dute euren buruan, bere aurkariek baino. 8-6 joan dira lehenbizi aurretik, 8-11 jarri dira ondoren galtzen baina elkarri begiratu, irabazi dezaketela sinistu eta hala egin dute. 15-13 eta txapela Urreisti eta Lekerikarentzat.
 
Master Series

Albisteak