Bastida Ikastola 45 urte betetzen ari da ikasturte honetan eta Araba Euskarazen ospakizunekin emango dio amaiera. Gure leloak dioen moduan, etenik gabeko haria da gurea, zailtasunak zailtasun, Gu Ikastola gara. Herrigintzatik sortu eta, gurea bezalako eremu berezian, lanerako prest jarraitzen duen egitasmoa gara, zaindua eta babestua izan behar dena.
Berrogeita bost urte. Nork esango zukeen 1979an ezta? Euskararen Herriaren ertzetan eta muinetan zeuden euskaltzaleak zer izango zuten buru eta bihotzetan hamarkada haietan? Herri ameslari baten partaideak ziren gurean ere bai. Euskal Herriaren luze zabalean, gure haurren hezkuntza euskaraz izatearen balio estrategikoa erdigunean jarri zuten ameslariak. Bastidan ere bai.
Kontuan hartu, 1979ko Bastidako haur haiek guztiak, erabat erdaldunak zirela. Haur haien gurasoen ehunetik zenbat izango zen euskaltzale? Arabako herri gehienetan bezala, asko ez. Baina gure herrian ere bazen euskara eta Euskal Herriaren etorkizunaren biziraupenean aletxoa jartzeko ahalegina egin zuenik. Bederatzi ume bastidar izan ziren hasieran. Gaur ehun eta hogeita hamar dira. Bastidarrak eta inguruko herrietakoak, bai Euskal Herrikoak, bai eta Euskal Herritik kanpokoak ere. Mugako ikastola izanik, mugaren beste alde bizi diren euskal familiei ere haien haurren hezkuntza euskaraz eta gure bihotzeko herriari begira egiteko aukera eman izan eta ematen diegu. Mugetako berezitasunak dira, baina askotan ahaztuak.
Berrogeita bosgarren ikasturtea da aurtengoa. Oi ama! Jada, garai hartako haur askok, seme-alabak izan dituzte. Horietako batzuk, euskaldun zaharrak. Bai, noski! Euskaldun zahar bastidarrak ditugu egungo gazte batzuk. Haien aurreko gurasoek eta haien ibilbide pertsonalak, euskaratik eta euskaraz bizitzera bultzatu dituzten Bastidarren seme-alabak. Lan etengabearen fruitua. Etengabea. Hasiera-hasiera hartan Ikastola izan ziren familiena eta urte hauetan guztietan Ikastola izan diren norbanako guztien arteko elkarlan eta konpromisoaren fruitua.
Gure herriak badu, ordea, berezitasun extra bat: negu partean herrian bizi garenon populazioa biderkatu egiten da eguraldi onaren etorrerarekin. Euskal Herritar askoren bigarren etxebizitza hartzen du Bastidak eta euskararen soinuak ere biderkatu egiten dira. Negua oso gogorra baita euskararentzat gure herrian eta, orduan, Ikastola da gure hizkuntzaren arnasgune bakanetakoa. Baina udaberriko eguzki printzek, gure zeruaren argitasun ederraren bila datozen udatiarrak dakartzate, haietako asko, euskara mingainean.
Zorionez beteta hasitako artikulu honek baina, ez du ezer ezkutatu nahi. Bastidan dugun euskararen erabileraren datuak oso txikiak dira oraindik orain. Euskal Herri luze zabalean, gure eskualdea ez da rankingaren harrotzeko eremuetan kokatzen, ezta gutxiago ere. Han lanean gaudenok ondo dakigu zein lurzoru zaila den. Hizkuntza gutxitua deitzen duten hori, zein hazi delikatua den.
Bastida Ikastola, Ikastolen Elkartearen baitan, 45 urte hauetan, Etengabe jardun izan da gure eskualdeko haurrengan hizkuntza eta lurraldearekiko lotura estutzen eta mundua ikusteko betaurreko propioak eskaintzen. Herrigintzaren tradiziotik sortutako Ikastolen proiektuak ezberdin egiten gaitu. Ez inor baino gehiago eta ez gutxiago ere, ezberdin. Herritarren autoeraketatik sortua, legeek banatuta daukaten euskararen herria da gure etxea eta zazpi lurraldeetako haurrei proiektu batua ontzen ari gara etengabe. Euskal Herriaren forma hartzen duen egitasmoa, hain zuzen. Ikastolok hortxe dugu ezberdintasuna, Euskal Herritik euskal herritarrentzako material, pedagogia eta curriculum berritzaileak amestu eta garatzen ari diren Ikastolen proiektua da gurea.
Eta badakigu gure amets honen ibilbidea oraindik luzea izango dela. Beraz, zorionak eta urte askotarako Ikastolei ere. Duela 45 urte Bastidan eta askoz gehiago beste leku batzuetan, gure hizkuntza zapaldua erdigune izango zuen hezkuntza sistema oso bat buru eta bihotzetan izan zuten haiei guztiei eta, bide luze honetan, hari hura eten gabe mantendu dutenei zorionak eta urte askotarako.
Bastida Ikastolaren urtemuga honen ginda Ekainaren 15ean izango dugu. Izan ere, aurtengo Araba Euskaraz gure ikastolaren alde izango da. Opari handia izango da guretzat Gasteizko Olarizuko belardietan urte hauetako guztietako bidelagunekin berriz ere topo egitea, baita bizitzan lehenengoz batuko diren familia eta norbanako horiei guztiei ongi etorria ematea ere.
Araba Euskarazi laguntza ematea Arabako Ikastolen egitasmoari babesa ematea da. Badakizue, azken urteotan elkarlanean antolatzen dugula egun berezia, beti ikastola baten alde, baina beti denen artean. Gure izaera eta gure egiteko moduak gero eta indartsuago saretzen ari gara.
Are gehiago, egun bakarreko ekimena izatetik, urte osoan zehar eta lurralde osoan zehar isla izan nahi duen programazioa prestatzen dugu. Ikasturte honetan, dagoeneko Aurkezpen jaia, Go!azenen kontzertua, Euskal pilota topaketa, eta abar izan ditugu eta hurrengo asteetan Jai Alai Master Series zesta punta lehiaketa, esate baterako. Den-dena gure webgunean aurkituko duzue.
Gurea ikastola txikia da eta zuen laguntza, dena delakoa, asko eskertuko dugu. Guztion gustuko ekimenak prestatzen saituko gara baina guretzat garrantzitsuena, elkarrekin Ikastola komunitatea indartzea da. Duela 45 urte abiatu zen amets hura etengabe arnasberritu izan da, hori adierazi nahi izan dugu gure leloarekin. Etorkizunean ere, Ikastola beharko du Bastidako herriak. Gu lanerako gaude, baina babesa eta laguntza ere behar beharrezkoak izango ditugu, beraz, zure aletxoa jarri nahi baduzue apuntatu ohartxo hauek.
-
Araba euskarazeko materiala. Jada, erosten ari zarete, gogoratu online ere egin dezakezuela.
-
Tanta elkartasun txartelak. Sari ederra jasotzeko aukera, baina batez ere, Bastida Ikastolarentzako elkartasun ekonomiko paregabea. Galdetu zure ikastolan.
-
Bizum bidez. Bidali eta eskatu dirua Bizumekin, Eman aukera sakatu; Araba Euskaraz Elkartea / 05593 kodea hautatu.
-
Etengabe jaia. Zatoz, Bastidara maiatzaren 17an, gure herri ederra ezagutzera
-
Araba Euskaraz. Ekainaren 15ean Gasteizko Olarizuko belardietan.
Gonbitea luzatuta geratzen da. Apuntatu zuen agendetan.
