Sarrerak: https://www.eramanjaialai.com/araba-euskaraz-jai-alai-master-series-2025/
Martxoaren 7, 14 eta 21ean, emakumezkoen zein gizonezkoen zesta-puntako goi mailako txapelketa puntuagarria Gasteizen.
Euskara eta zesta-punta eskutik
Euskara, euskal kultura eta euskal kirolak bultzatu, sustatu eta plazaratzeko asmoari eusten dio ARABA EUSKARAZek, eta aurten ere xede horri gogotsu heldu diogu. Euskal kulturarekin eta euskal kirolarekin bat egiten duen jarduera da zesta-punta, eta euskaraz egiten den kirola da. Beraz, gure egitasmoarekin bat etortzeaz gainera, susperraldia bizi duen kirol hau sustatzen jarraitu nahi dugu Araban.
Euskara eta zesta-punta eskutik doaz Gasteizen, Araba Euskaraz Jai Alai Master Series-ean. Hala joan ziren iaz, eta hala izan da historikoki ere, zesta-puntak mundu osora zabaldu baititu JAI ALAI hitzak. Halaxe ezagutzen da munduan nazioarteko gure kirol ezagunena, eta herrialde eta hizkuntza bakoitzak bere moldera eraman du ondoren, kontinente guztietan hainbeste zabaldu den terminoa: “Hi-li”, “Hai-alai”, “Hailai”. Leku gehienetan hala ere, “Jai Alai” bezala idazten dute oraindik, munduan ezagunenak diren euskarazko hitzak. Txinan, Indonesian, Filipinetan, Ipar eta Hego-Amerikan, Afrika Iparraldean eta Europan, Belgika, Italia, Estatu frantziar zein espainiarrean.
Araba Euskaraz Jai Alai Master Series 2025
Bigarren urtez jarraian, Araban zesta-punta sustatzen jarraitzeko xedearekin, Araba Euskaraz kultur elkarteak, Arabako Euskal Pilota Elkartearekin, Gasteiz Jai Alai klubarekin eta ERAMAN! enpresarekin elkarlanean, 2024/2025 zesta-punta profesionaleko zirkuiturako txapelketa puntuagarria antolatu du. Gasteizko Olabe pilotalekuan emakumezkoen zein gizonezkoen zesta-puntaren egungo izarrak hartuko ditu martxoaren 7, 14 eta 21ean, Arabako ikastolen aldeko Araba Euskaraz Jai Alai Master Series jaialdiak. Emakumezkoan lau bikote gaztek eta gizonezkoen beste horrenbestek hartuko dute parte. Azken hauen kasuan, bikote irabazleak 1.000 puntu irabaziko ditu, bigarrenak 600 eta finalerdietatik igaro ezin izan direnak 360na puntu. Gizonezko puntistek, beraz, Jai Alai League-ko rankingean puntuak pilatzeko aukera izango dute, denboraldi amaierako Lauko Finalari begira. Liga irabazteko azken txanpara, puntu gehien lortu dituzten zortzi pilotariak iritsiko dira.
Jada salgai daude hiru jardunaldietarako bonuak (20€tan, on line soilik eskuragarri) zein eguneko sarrerak (10€, finalerdiak, eta 15€, finalak, on line zein leihatilan) arabaeuskaraz.eus eta eramanjaialai.com webguneetan.
Bi arabar pilotari, onenekin batera
Emakumeen eta gizonezkoen partidak kontuan hartuta, 16 pilotarik hartuko dute parte Araba Euskaraz Master Series-ean, eta horietatik 2 arabarrak izango dira:
*Maite Ortiz de Mendibil: Andetxa, 2005. Egungo aurrelari onenetakoa da. Munduko txapeldun izan zen 23 urtez azpikoetan (Iscar, 2021) eta baita maila absolutuan ere (Miarritze, 2022). Ikusteko dotorea, postura oso eleganteak ditu, teknikoki ona da, ausarta eta indartsua. Olabe pilotalekuan jokatu diren aurreko bi edizioetan txapela lortzeko zorian izan zen, eta orain izango du aukera txapelduna izateko bere gertukoen aurrean.
*Julen Del Rio: Gasteiz. 1996. Bera da gizonezkoetan Arabako puntistarik onena. Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketetan parte hartzen du eta Gernikako Winter Series-eko ohiko parte-hartzaileetariko bat da. Iaz finalerdietara iritsi zen. Aurten, berriz, mina hartu du Gernikan, eta Araba Euskaraz Master Series-ean berragertuko da, bere publikoaren aurrean, iaz Olaben jantzi zuen txapela defendatzeko. Atzelaria, oso indartsua eta, batez ere, eskumarekin min handia egiten duen pilotaria da. Atzelari gehienek errebesez jokatzen dute, baina eskumarekin min handiagoa egiten da. Hori da, hain zuzen, Del Rio-ren arma nagusia. Euskal Herritik kanpora, Mexikon jokatu du.
Bi arabar hauen aurkariak ez dira nolanahikoak izango Araba Euskaraz Jai Alai Master Series-aren bigarren edizio honetan. Emakumezkoetan, Gasteizen izango dira bai Erika Mugartegi zein Maialen Aldazabal, iazko Durangoko Euskotren Winter Series-eko txapeldunak. Erikak, Romane Mercadié frantziarrarekin osatuko du bikotea eta Ihart Arakistain izango da Maialenen aurrelaria. Maite Ortiz de Mendibilek Arai Lejardi izango du atzelari, eta Oihana Sorozabal lapurtarra Frida Watkinsekin batera arituko da.
Gizonezkoetan, Aritz Erkiaga da protagonista. Gernikako Eusko Label Winter Series-eko txapela jantzi zuen, eta, Miamin (AEB), Dania Beach-eko Biscayne Cup-eko txapela eskuratu berri du. Julen del Rio izango du bikote Gasteizko Olaben, iazko garaipena errepikatzeko asmo betearekin. Eñaut Urreisti aurrelari mutrikuar gazteak eta aurtengo Winterrean finalerdietako ligaxkara sailkatzea lortu duenak, Lekerika atzelari gernikarra izango du bikote. Celaya aurrelariak, bestalde, Donibane Lohizuneko Thiboult Basquerekin osatuko du bikotea, aurtengo Winter Series-eko finalerdietarako ligaxkara sailkatu zen atzelariarekin, alegia. Basque iazko Jai Alai ligako Final Fourrera sailkatu zen, iazko ranking-ean puntu gehien lortu zituzten zortzi puntista hoberenen artean amaitu zuen denboraldia eta. Azkenik, Barandika aurrelari gernikarrak eta Zabala atzelari markinarrak osatuko dute laugarren bikotea; fisikoki gogorra eta indartsua.
Gasteiz, Jai Alai liga ofizialeko 24/25 denboraldiko 6. txapelketako egoitza
Ehun urtez mundu osoan ibili ondoren, etxera itzuli da “Jai Alaia”, eta Euskal Herrian ari da berpizkundea izaten. Egun, liga bakar baten parte dira Ipar eta Hego Euskal Herriko txapelketa garrantzitsuenak, eta kirol mailan hori soilik zesta-puntan gertatzen da. Ipar eta Hego Euskal Herriko pilotari onenak Ipar eta Hego Euskal Herriko txapelketa garrantzitsuenetan eta guztiak, Jai Alai League-rako puntuagarriak. Baita Gasteizko “Araba Euskaraz” Master Seriesa ere, egutegiko 6. proba. Miarritzeko Opena, Paueko (Fr) Cesta de Nadau, Eusko Label Winter Series eta Floridako (AEBak) Dania Beach-en Biscayne Cup jokatu dira aurretik.
Hirugarren edizioaren denboraldi honetan, 12 egoitza izango ditu guztira Jai Alai Leaguek. Ligako 30 txapelketa puntuagarri jokatuko dira: 8 Slam, 17 Masters eta 5 Series.
Emakumeen Jai Alai liga ofizialeko 24/25 denboraldiko egutegia
• BERRIATUA: Berriatua Master Series (abenduak 27-urtarrilak 10)
• GASTEIZ: Araba Euskaraz Master Series (martxoak 7-21)
• DURANGO: Euskotren Winter Series (martxoak 10-24)
• LEKEITIO: Lekeitio Master Series (apirilak 5-17)
• ZUMAIA: Zumaia Master Series (apirilak 7-21)
• BILBO: Bilbao Iron Cup (maiatzak 16-30)
• MUTRIKO: Mutriku Master Series (uztailak 11-25)
• DONIBANE LOHIZUNE: (datarik gabe)
• MIARRITZE: (datarik gabe)
• FINAL FOUR
Gizonezkoen Jai Alai liga ofizialeko 24/25 denboraldiko egutegia
• MIARRITZE: Open International Biarritz (urriak 23-30)
• PAUE (Fr): Cesta de Nadau (abenduak 6-20)
• GERNIKA: Eusko Label Winter Series (urriak 28-otsailak 16)
• MIAMI (AEB): Biscayne Cup (otsailak 20-22)
• GASTEIZ: Araba Euskaraz Master Series (martxoak 7-21)
• LEKEITIO: Lekeitio Master Series (apirilak 5-17)
• ZUMAIA: Zumaia Master Series (apirilak 7-21)
• DONIBANE LOHIZUNE: Cesta All Star (apirilak 10-29)
• BILBO: Bilbao Iron Cup (maiatzak 2-ekainak 6)
• MARKINA-XEMEIN: Markina-Xemein Grand Slam (ekainak 13-uztailak 13)
• DONIBANE LOHIZUNE: 4 Master Internationaux (uztailetik abuztura)
• MIARRITZE: 4 Master de Biarritz (uztailetik abuztura)
• PAUE (Fr): 2 Master Pau Cup (uztailetik abuztura)
• DONIBANE LOHIZUNE: Internationaux Cesta Punta Grand Slam (uztailak 3-abuztuak 26)
• MIARRITZE: Urrezko Xistera Biarritz (uztailak 7-abuztuak 20)
• PAUE (Fr): Pau Cup (uztailak 11-irailak 5)
• MUTRIKU: Mutriku Master Series (uztailak 18-25)
• GERNIKA: Gernika Grand Slam (uztailak 19-abuztuak 16)
Araba Euskaraz Jai Alai Master Series-eko finalerdietako eta finaletako partidak eta ordutegia:
Gasteizko Araba Euskaraz Jai Alai Master Series-aren bikote parte-hartzaileak:
-
A FINALERDIAK (martxoak 7, ostirala, 19:00tatik aurrera):
-
ERIKA-ROMANE vs IHART-MAIALEN
-
CELAYA-BASQUE vs URREISTI-LEKERIKA
-
-
B FINALERDIAK (martxoak 14, ostirala, 19:00tatik aurrera):
-
MAITE-ARAI vs SOROZABAL-FRIDA
-
ERKIAGA-DEL RIO vs BARANDIKA-ZABALA
-
-
FINAL HANDIAK (martxoak 21, ostirala, 19:00tatik aurrera)
Arratsalde ilunabar gogoangarriak igarotzeko moduko jaialdia, eliteko puntisten jokoarekin gozatu eta euskara, euskal kultura eta euskal kirola sustatzeko aukera paregabea beste behin ere Araba Euskarazen eskutik.
