- Martxoaren 28an izango da, Gasteizen, Europa Biltzar Jauregian
- Araba Euskarazen aurtengo abestia ere kontzertu honetan aurkeztuko du
- Kontzerturako sarrerak otsailaren 14tik aurrera jarriko dira salgai.
Sarrerak: https://sarrerak.arabaeuskaraz.eus/web/?menu=1162&pagina=entradas&item=54414&siteID=arabaeuskaraz
Mikel Urdangarinek iragan abenduan aurkeztu zuen ‘Mundua eder’ proiektu berria, edertasuna ardatz duen lana. Euskal musikaren erreferente nagusietako bat da musikari zornotzarra; ia hiru hamarkada betetzera doa bere musika ibilbidean, eta hori ospatzeko argitaratu du ‘Mundua eder’, estudioko bere 15. lana. Lan berri hau euskal kantariaren heldutasun artistikoaren isla da, urteetan zehar euskal musikaren ahots autentiko eta poetikoenetako bat bezala sendotu dena, euskal kulturarekin konprometitutako belaunaldi oso baten ordezkari ere bilakatuz.
Hamar abestiz osatutako albuma da ‘Mundua eder’. Guztiei jarri die musika Urdangarinek berak, bai eta letra ere zazpiri. Beste biri Kirmen Uribek egin dizkio letrak eta beste bati Harkaitz Canok. Zeru zabal egoskor baten pean bizi den mundu gizatiarra du kantagai, giza harremanen mundu emozionala hain zuzen ere. Abesti hauek ez dira soilik musika piezak; existentziaren inguruko hausnarketa txikiak ere badira, eta zailtasunak gorabehera, edertasunari heltzeko beharraren inguruko pentsamenduak.
Martxoaren 28an izango dugu lan berri hau zuzenean entzuteko lehenbiziko aukera. Araba Euskarazen eskutik izango da, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, arratsaldeko zazpietan. Sarrerak arabaeuskaraz.eus webgunean jarriko dira salgai otsailaren 14ean, 12:00etatik aurrera, 20 euroan. Geratuko balira, egunean bertan ere erosgai egongo dira 24 euroan.
Bada arrazoi sendo bat Urdangarinen lehenbiziko emanaldia Araba Euskarazen eskutik izateko. Izan ere, artista zornotzarrak konposatu du Arabako ikastolen aurtengo jaiaren abestia. Letra, berriz, Kirmen Uribe poetak idatzi du, eta Urdangarinekin batera, beste hainbat artistak ere jarri diote ahotsa.
Araba Euskarazen kanta ere martxoaren 28an aurkeztuko da, horretarako antolatuko dugun prentsaurrekoan, eta egun horretako kontzertuan abestuko du lehen aldiz jendaurrean Mikel Urdangarinek.
