Milaka ikastolazale etorri ziren, igandean, Olarizura euskaran eta Araba Euskarazen murgiltzera. Arabako ikastoletako komunitatea eta Araba Euskaraz Kultur Elkartea oso pozik gaude herritarrek eman duten erantzunarekin. Eguna biribil irten zen, eta eskerrak eman nahi dizkiegu gure ikastoletako komunitateari, haiekin batean auzolanean ibili diren herritar eta elkarteei, eta era batera edo bestera eskuz esku gurekin batera aritu ziren boluntario guztiei. Guztion artean egun gogoangarria antolatu eta aurrera eraman genuen. Zorionak denoi.
Azpimarratu nahi dugu, intzidentzien alorrean, eguna oso lasaia izan zela eta ez zela aparteko arazorik gertatu. Hori bera ere pozgarria da guretzako.
Eguna biribila izateko osagai ugari izan genituen: egitarau zabala (ikuskizunak, tailerrak, artistak…); Arabako Ikastolen Erronka; hasiera ekitaldian izandako giro ona, bai eta egunean zehar, eguraldia lagun, sortutako lagunarte giro ederra.
Olarizura etorri ziren milaka lagunentzako ikastolen, euskararen eta euskal kulturaren jai handi honetako egitarauan zeuden ekintza guztiak aurrera atera genituen, eta une gogoangarriak ere bizi izan genituen. Azpimarratu nahiko genituzke parte-hartzea sustatzen duten bi ekimen. Batetik, azken urteotan herrialde guztiotako ikastolen jaietan gazte eta gaztetxoen parte-hartzea sustatzea eta haiek protagonista bilakatzea helburu dituen Erronka egitasmoa. Lehia sanoan ikastola desberdinetako ikasleak aritzen dira, haientzat prestatutako ariketa eta erronka desberdinetan. Bestetik, berriz, dantza plaza aipatu nahiko genuke. Zoragarria izan zen ehunka lagun, haur, nerabe, gazte, heldu eta nagusiak elkarrekin dantzan ikustea, parte hartuz, soka batean. Euskarak eta euskal kulturak sortzaileak behar dituzte, baina baita ikus-entzule aktiboak ere, eta nola ez, parte-hartzaileak. Uste dugu gure kulturan murgiltzea bezalakorik ez dagoela berau biziberritzeko.
Zortzi ikastolak eskuz esku aritu ziren igandean lanean, Oiongo San Bizente ikastolaren alde. Arabar Errioxako ikastola honen proiektua aurrera eramateko beharrezko hauspoa eta laguntza ekonomikoa jaso dugu gaur. Une honetan ezin dugu aurreratu gure helburuetara iritsi garen edo ez. Baina herritarrek eman duten erantzuna itzela izan da, eta uneotan horrekin geratzen gara, arabarrek eta Euskal Herritik etorritako herritarrek euskara, euskal kultura eta ikastolak mugaezin bilakatzeko asmoarekin bat egin dutela.
Eskerrik asko guztioi!