Skip to main content

Araba Euskaraz 2024 jaia, Mugaezin! Ekainak 16, Olarizu.

2024/05/29
AE24 jaiaren aurkezpena

Badakizue, era berean, Arabako zortzi ikastolon artean antolatu dugula ekitaldi hau, aurreko bi edizioak bezala. Eskuz esku, eta buruz buru, auzolanean. Urte osoa eman dugu elkarrekin lanean, eta gaurko aurkezpenean ere ikastola guztiok gaude hemen. Hiru urteko esperientzia honek erakutsi digu batasunak ematen digun indarra. Indarra, Arabako ikastolen jaia antolatzeko eta aurrera eramateko. Eta indarraz gain, elkar hobeto ezagutzeko, elkarlanaren balioan sakontzeko eta elkarren arteko harremanak ehuntzeko balio  izan digu. Urrutira iritsi nahi dugulako goaz batera. Eta ziur gaude, Araba Euskaraz antolatzeko bezala, beste hainbat esparrutan ere balioko digula elkarlan honek.

Eta badakizue, halaber, urte honetako Araba Euskaraz jaiarekin Oiongo San Bizente ikastola lagundu nahi dugula. San Bizente ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Oionen eta Arabar Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilpen eremuak zabaltzeko baliatuko dugu gure jaia.

 

URTE OSOKO ARABA EUSKARAZ

Gure jaia zortzi ikastolok elkarrekin antolatzen hasi  ginenetik erabaki  genuen Araba Euskaraz urte osoko prozesua izango zela; ekaineko jaiak amaiera ematen dion urtea, hain zuzen ere. Horrekin batera, Araba Euskaraz urtero Araba osora  hedatuko genuela esan genuen. Eta aurten ere hala izan da.

Ekainaren 16ko jaiaren aurretik, hainbat ikuskizun, kontzertu eta jaialdi antolatu ditugu.  Urriaren 27an abiatu genuen 2024ko Araba Euskaraz urtea, Oionen egin genuen aurkezpen jaiarekin. Abenduaren 4 eta 5ean, berriz, Gazte Talent lehiaketaren finala antolatu genuen, Gasteizen. Urtarrilaren 14an, Go!azen 10 kontzertua antolatu  genuen Gasteizen, eta otsailaren 25ean, Araba Euskaraz Euskal Pilota Topaketa, Oionen. Oionen bertan Porrotx eta Marimotots izan genituen martxoaren 6an. Lau egun geroago, Beskoitzera joan ginen, Lapurdira, ikastolen jai guztiok Ikastolak Herriari ekimenaren baitan, antolatutako Non Eta Mugan ekitaldira. Apirilaren 10ean Araba Euskarazen abestiaren aurkezpen kontzertua ospatu genuen Gasteizen, EHUren fakultatean. Apirilaren 12tik 26ra bitartean, berriz, Araba Euskaraz Masters Series zesta punta txapelketa izan genuen.  Maiatzean, bi ikuskizun antolatu ditugu: Mugaezin jaialdia, Oionen, eta Go!azen 10 kontzertua, Amurrion.

Ikusten duzuen bezala, urte oparoa  izan dugu. Eta hau guzti hau aurrera atera dugu, ikastolon arteko komunitateari  esker, elkarlanari eta auzolanari esker, bai eta beste elkarte eta erakunde batzuekin egindako  lanari  esker, eta horiek aurrera ateratzeko babes ekonomikoa eman diguten erakunde eta enpresei esker.

 

EGITARAUA

Ekainaren 16ari begira, berriz,  askotariko ikuskizun, tailer eta jolas eta jokoak prestatu ditugu, adin guztiei zuzendutakoak, baina, batez ere, haur, nerabe eta gaztetxoentzat. Dena den, familia giroa da azpimarratu nahi duguna, familian ospatzeko egitaraua baita gurea. Baina lagunartean ere gozatzeko  moduko menua prestatu dugu.

Goizeko hamarretan abiatuko dugu Araba Euskaraz jaia, Olarizuko etxaldearen ondoko  auditorio begetalean. Ordutik aurrera, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango  ditu Araba Euskarazera datorrenak.

Hiru gunetan egingo da gure jaia.

  • Lautada: Armentia ikastolaren eskutik Arte Eszenikoak izango ditugu. Go!azen-en karaokea ere bertan izango da. Arabako ikastoletako ikasleek “Mugaezin Txoua!” eskainiko digute, eta Dantza Plaza eta Zunba ere edukiko ditugu gune honetan. Tailer eta jolasei dagokienez, bertan kokatuko dira Berriaren txokoa, Argitxoren txokoa, Eroski Elikadura Tailerra eta Makusi gunea.
  • Mendia: “Dantza mugaezin” Euskal dantzen topaketa egingo  da bertan. Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik, berriz, Bertsotan saioa izango  dugu. Mirotz, Akerbeltz eta Araba Euskarazen aurtengo kanta konposatu duen Eh, Mertxe! taldeen kontzertuak  ere gune honetan izango dira. Tailer eta jolasen txokoak ere egongo dira; Haurren basoa, eta Kaikuren Abestu, Dantzatu eta Sortu tailerra.
  • Erreka: Maria Arandiaren “Magia eta mirariak familian” ikuskizuna izango dugu bertan, eta Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik eta DJ Malandroren kontzertuak ere bai. Halaber, gune honetan egongo dira Euskaltelen bizikleta kukaña eta puzgarriak.

Egun osoan, eta gune batetik bestera, gaiteroak, Gasteiz Kantuz, Arai erraldoien konpartsa eta Alt Maresmeko Castellers-ak ibiliko dira.

Eta Arabako ikastoletako ikasleen Erronkak ere Olarizun egingo dira: Lehen  Hezkuntzako ikasleak Mendia gunean arituko dira lehia sanoan, eta DBHkoak, berriz, gune guztietan.

Olarizutik kanpo, Adurtza pilotalekuan, Arabako Herri Arteko Euskal Pilota txapelketako finalak jokatuko dira. 

OMENALDIA

Esan dugun bezala, Arabar Errioxako San Bizente ikastolari lagunduko diogu aurtengo Araba Euskaraz jaiaren bitartez. Aurten omenduko dugun erakundea ere Arabar Errioxatik dator. Hain zuzen ere, kuadrilla horretako helduen euskalduntzean lan eginez urteak daramatzan IKA euskaltegia omenduko dugu. Guk geure seme-alabak bezala, IKA euskaltegiko irakasleak 1983tik ari dira helduak euskalduntzen Arabar Errioxan. Gainera, Arabar Errioxako ikastolekin eskuz esku ari  dira lanean, eta horren erakusle  dugu, besteak beste,  Tiki-ttaka euskara elkartea. Egin duten eta egiten ari diren lan handi hori aitortu eta omendu nahi dugu aurtengo ekitaldian. Araba Euskarazen hasierako ekitaldiaren barruan egingo dugu omenaldia.

 

ZENBAIT AHOLKU

Egun gogoangarria, zoriontsua eta alaia izatea da gure asmoa, eta, era berean, ahalik eta erosoena izatea gurekin Arabako ikastolen jaia ospatzera etorriko diren guztientzat. Era berean, eta kontuan izanik Olarizuk ingurumenaren zainketarekin duen harremana, ahalik eta jai  jasangarriena antolatu nahi dugu. Horregatik zenbait gomendio luzatu nahi dugu.

  • Gasteizera etortzeko garraio  publikoa erabiltzea. Autobusentzako geltokia Olarizuko etorbidean egongo da.
  • Ezinbestean autoetan datozentzat aparkatzeko Ansoleta eta Uritiasolo poligonoak prestatu ditugu.
  • Gasteiztik bertatik datozenei, oinez  edo bizikletaz etortzeko aholkatu nahi diegu. Lehenengo sarreran bizikletak uzteko aparkalekua jarriko dugu. Autobusez etortzeko, berriz, BEI eta bigarren eta hamargarren lineako autobusak hartu.
  • Azkenik, edalontziak etxetik ekartzeko eskatu nahi dugu, edota txosnetan ditugunak erabiltzen badira, txosnetan bertan edo horretarako egokituko ditugun guneetan uzteko, berrerabilgarriak baitira.

 

 

 

 

Mugaezin,

Euskara,

haizea bezala.

Mugaezin,

Ikastolatik herrira.

Mugaezin,

mihitik mihira.

Mugaezin,

Oiondik Araba erdira.

Ekainaren 16an, zatoz!, goazen Olarizura!

Goazen Araba Euskaraz ospatzera!

Albisteak

2024-11-25
Sarrerak hemen salgai: http://sarrerak.arabaeuskaraz.eus/web/?menu=36&pagina=&siteID=arabaeuskaraz
2024-10-10
Gaur aurkeztu dugu, Gasteizen, 2025eko Araba  Euskaraz.
2024-06-21
Gaur egin da TANTA txartelen zozketa, eta 54.288 zenbakiari egokitu zaio 60.000 euroren saria.