Ekainaren 11n Olarizun daukagu hitzordua!
Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik eta 2023ko ARABA EUSKARAZ jaiari ekiteko, elkar- EKIN jardun dugu auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz-esku, buruz buru, gure jakintza elkarbanatu eta gure harremana aberastuz. Horregatik, hemen gaude, berriro ere, ikastolon ereduari eta euskarari bultzada emateko prest, aurretik beste askok egin bezala.
Ikastolen mugimenduan, gure hezkuntza eredua ez genuen sortu euskarak irauteko soilik; euskararen egoera irauli, euskaraz egin eta euskaraz eragiteko jaio ginen eta horrela dihardugu egun ere ekinaren ekinez. Bide horretan, Araba Euskaraz gure herrialdeko bazter guztietara eramaten saiatu gara, urtean zehar eskualde bakoitzean antolatu ditugun kirol zein kultur ekimen desberdinetan dantzan, ibilian, kantuan zein pilotan arituz. Euskarari eta euskal kulturari tokian-tokiko agertoki handi bat eskaini diogu. Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua, ozen entzun dadin; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin; arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea, euskaraz bizi gaitezen.
Elkartasuna eman eta jasotzen den altxorra da eta hori bera da Araba Euskaraz, auzolanaren eta elkarlanaren bitartez eman eta jasotzen den elkartasuna. Aurtengo Araba Euskarazen lortzen dugun dirua Aguraingo Lautada ikastolari laguntzeko erabiliko dugu. Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen duen irakasle talde profesional eta konprometituarekin, guraso kooperatibisten ahaleginari bultzada emateko. Agurain euskaldun bat amesten dugu, Lautada euskaldun batean, Euskal Herri euskaldun batean eta amets hori egia bihurtzeko ekinean dihardugu.
Olarizutik Arabara eta Arabatik Euskal Herrira:
euskarar-EKIN
kulturar-EKIN
kirolar-EKIN
hezkuntzar-EKIN
hezkidetzar-EKIN
berdintasunar-EKIN
elkartasunar-EKIN
herriare-EKIN
ikastolar-EKIN.
LAUTADA IKASTOLA
Pasa den urtean bezala, aurten ere Araba Euskaraz zortzi ikastolen artean antolatzen ari gara. Hori bai, aurtengo helburua Lautada Ikastolari bultzada bat ematea izango da.
Gu ikastola, Lautada Ikastola, ikastola txikia, gaztea, familia bat gara. 2008an sortu genuen. Hamabost urte beteko ditugu, beraz, datorren urtean. Hasieratik herriari lotuta gaude..
Gure hezkuntza proiektuari bultzada eman nahi diogu. Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen dugu. Daukagun proiektu pedagogikoaz harro gaude eta lau haizetara zabaldu nahi dugu.
Gainera, Agurainen eta Lautada osoan martxan dagoen euskalduntze prozesuan ahalik eta ekarpen handiena egitea da. Agurain euskaldun bat amesten dugu, Hori lortzeko, gure ereduan sinesten dugu. Kooperatibismoa eta erabakietan hezkuntza-komunitate osoaren parte hartze zuzenarekin egingo dugu hau edo ez dugu inoiz lortuko.
Hori argi daukagu. Gurea auzolana da, gurea Ikastola da.
Ikasturtean zehar ekitaldi desberdinak antolatu ditugu eta gure ikasleek prestakuntzak ikusi eta parte hartu dute. Haiek ere auzolana eta taldean aritzearen garrantzia sumatu eta barneratu dute. Ikastolako komunitatea osatzen dugunon inplikazioa, gogoa eta lana beharrezkoa izan da. Herrira joan gara, alaitu dugu, gure mezua partekatu dugu.
Olarizun ospatuko dugun Araba Euskaraz 23ko edizioan, zortzi ikastolok nahi dugu familia eta adin tarte ezberdinetako pertsonei aisialdirako eta ongi pasatzeko espazioak euskaratik eta euskaraz eskaini. Horrela elkar ezagutza sustatu, harremanak egiteko eta saretzeko topalekua izatea helburu dugu.
Jai egun polita izango da, euskal kulturaz gozatzeko eta gure herrian, Agurainen, norabide horretan lanean jarraitzeko sostengua eta bultzada jasotzeko ospakizuna izango da aurtengo jaialdia.
Ekainaren 11an antolatutakoak helburu ekonomikoa ere badu, noski. Baina hori baino askoz gehiago ere bada. Urte osoa daramagu lanean eta azken hilabeteetan egin dugun arren, datorren igandean aukera paregabea dugu gure proiektu pedagogikoa ezagutarazteko, gure izaeraren berri emateko, beste esperientzia batzuekin elkarlanean aritzeko eta Agurain eta Lautada euskaldunago baten alde egiten dugun lana ikusarazteko.
Azken finean, jakin badakigu euskalduntze prozesua ezin dela gure Ikastolaren 4 hormen barruan geratu, herrian eta beste eragile askorekin batera, agente aktiboak bagara eta izaten jarraitu nahi dugu. Urtean zehar antolatzen ditugun ekintza eta beste hamaika ere, antolatzen jarraitzeko.