14 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta maiatzaren 18a bitarteko epean entregatu behar dira lanak
Sormena astindu eta gure herriaren Historiaren momentu zehatz batean gertatutakoa komiki-kontakizun bilakatzeko helburuarekin, Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketaren hirugarren edizioa martxan jarri dute ikastolen jaiek, Ikastolak Herriari egitasmoaren baitan. 14-16 urte bitarteko gazteei zuzendua, maiatzaren 18a arteko epea izango dute lanak aurkezteko; berauek bakarka edo taldean egin daitezke.
Komiki lehiaketaren hirugarren edizio honetako gaia euskara batuaren sorrera izango da. 1968an izan zen. Urte horretako urrian aurkeztu zuen Arantzazun Koldo Mitxelenak euskararen batasunerako proposamena biltzen zuen txostena. Mendetan zehar zenbait hizkuntzalarik, euskaltzalek eta idazlek egindako aldarrikapenak erantzuna izan zuen: euskarak bazuen, jada, zeregin jasoetarako, literaturarako edota irakaskuntzarako beharrezkoa zuen hizkuntza-aldaera estandarra. Ezina zirudiena, bada, lortu zen. XXI. mendeko euskaldunoi dagokigu euskarak mende honetan bide egiten jarrai dezan euskara aberasten eta saretzen jarraitzea, haririk eten gabe irutea.
Lehiaketa irekia da adin tarte horretako gazte guztientzat (ez da derrigorrezkoa ikastola bateko ikasle izatea) eta teknika ere librea izango da, lanak PDF formatuan aurkeztu beharko diren arren. Lanak euskaraz idatziko dira, eta bost orrialdetako luzera izango dute gehienez (komikiaren azala barne). Helbide honetara igorri behar dira: komikilehiaketa@ikastola.eus . Jasotako komiki lan guztien artetik onena zein den ebatziko du epaimahaiak, eta sari gisa Xabiroi komiki aldizkariaren 2023ko urriko zenbakian argitaratua izango da.
Lehiaketa baino, dena den, parte-hartzea sustatu nahi da. Horregatik, parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozketatuko dira.