Skip to main content

EUSKARA ETA ZESTA-PUNTA, BIAK IRABAZLE!

2023/03/31

⚾️MAITE-MAIALEN vs ERIKA-ARAI: 10-15, 15-14, 3-5

⚾️GOIKOETXEA-DEL RIO vs BARANDIKA-LEKERIKA: 15-13, 14-15, 2-5

Giro itzela bizi izan dugu Gasteizko Olabe pilotalekuan. Azken urteotako sarrerarik onena. 1.200 lagunetik gora Araba Euskarazen aldeko zesta-punta jaialdian. Jai Alai profesionalak gutxitan zapaltzen du Gasteiz eta ohitura gutxi egonda, itzelezkoa izan da gaur bertan batu den jendetza. Durangon 700 lagun sartzen dira, Markina-Xemeinen edo Labriten 1.000. Gaur Olaben 1.200 pasa. Zale asko erakarri ditu euskararen aldeko militantziak eta zesta-puntak. Saria izan du publikoak. Bi partiduak izan dira estuak eta lehiakorrak, eta bietan erabaki da hirugarren eta azken setean.

AE23 Open Series

Lehen partida emakumeena izan da. Winter Serieseko finalaren errebantxa. Durangon irabazitakoari eutsi egin diote Mugartegi eta Lejardi markinarrek. Jende askoren aurrean jokatzen ohitzen hasi dira eta hori igarri egin da gaur kantxan. Pausu bat gora eman dute joko mailan lau pilotariek. Norgehiagoka parekatu xamar hasi da baina hirunakoa eta gero pausu bat eman dute aurrera Erikak eta Araik. Aurrelariak sahietsetik barrura bota eta lau tantuko aldeaz jarri dira, 4 eta 7. Diferentzia sei tantura ere joan doa urdinen alde, 4-10 eta 5-11. Maitek txapa gainean moztu eta aldea apur bat jan du baina bikote urdinak oso seguru jokatzen du eta 10-15 gailendu dira lehen jokoan. Erikak dominatu egin du eta hor egon da gakoa.

Bigarrenen setean joko ausarta ikusi dugu, horrek hutsak ere ekarri ditu eta atsedenaldira 8-7 iritsi dira gorriak aurretik. Edozelan ere, urdinek berriz hartu dute aurre 12-14 jarriz baina ezin izan dute partida itxi. Maitek eta Maialenek buelta eman diote egoerari, 15-14 irabazi eta hirugarren seta behartuz. Publikoa gozatzen, gorriak 2-1 aurretik baina markinarrek bina berdindu dutenean, ez dute gehiago barkatu. 3-5 irabazi dute azken seta eta beraz, partida, Durangoko txapela berriz ere balioan jarriz.

Bigarren partida gizonezkoena izan da. Harrera beroa egin diote gasteiztarrek Del Riori. Jendea harmailetan zutik jarri da eta ohiu artean sartu da Julen kantxara. Pilotariei kosta egin zaie partida hasieran kantxara egokitzea. Aspaldi bertan jokat gabeak gehienak, frontoiaren neurriak eta efektuak ikasten pasa dituzte lehen tantuak. 8-4 heldu dira atsedenaldira gipuzkoarra eta arabarra. Hala ere, bizkaitarrek hamarna berdintzea lortu dute baina Del Riok horma-biko bat bota du, Goikoetxeak sahietsetik beste tanto on bat zabalera eta aurretik jarri dira gorriak. Barandikak bi pilota zail hartu ditu set amaieran sarearen kontra, meritu handikoak baina hauetako bat zalantzazkoa. Edonola ere ontzat eman dute epaileek eta Xabik tantoa ondo amaitu du horma bikoa botata. Ez da nahikoa izan. 15-13 irabazi dute lehen jokoa Iñakik eta Julenek.

Bigarren jokoan pilota bizitu egin da eta pilotariak kantxa ohitu ere bai. Bikain hasi dira Xabi eta Unai gernikarra, 3-8 atsedenaldian aurretik. Pilota errebotean zazpiraino ateratzen zen eta joko bizian aritu dira laurak. Atsedena eta gero Goikok pilota motelagoa atera du eta markagailuan aurretik jarri dira. Lekerikak horma biko ederra sartu eta 12na berdindu du. Gorriek berriz aurrera egin dute, Del Riok tanto egin du txulara botata (14-12) baina 14na berdindu dute berriz gernikarrek. 14 eta 13 galtzen pilota benetan gaitza sartu du Lekek errebesez baina esku-bakarrean. Ondoren berak amaitu du tantua eskumarekin horman baztertuta. Bigarren seteko azken tantuan Iñakik ez dio pilotari ondo igarri eta uztaia jo du saskiratzerakoan, 14-15 gernikarrentzat eta desenpatera.

Azken setean, 0-1 Del Riok huts. 1-1 Del Riok eskumaz. 1-2 urdinak aurretik. 1-3 hormabikoa Lekerikak hamaika koadrotik. 1-4, txapa gainekoa Barandikak. 2-4 gorriek aldea laburtu. Eta 2-5 azkenik berriro Xabi Barandikak, kontrakantxan bi pareta saskiratu eta berak horma bikoa botata partida amaitu. Urdinek euren helburua lortu dute, Goikoetxea sahiestu eta azken seta irabaztea. Publikoa pozik, gora gora jarri dira zaleak. Arrakasta handia gaur Gasteizen, Araba Euskarazen antolakuntzak eta Eraman Jai Alaik elkarrekin antolatutako zesta-punta jaialdian. Bi norgehiagoka (edo zein-gehiagoka) entretenigarri... eta gehiago etor ditezela!

Eskerrik asko Gasteiz!

Albisteak

2024-10-10
Gaur aurkeztu dugu, Gasteizen, 2025eko Araba  Euskaraz.
2024-06-21
Gaur egin da TANTA txartelen zozketa, eta 54.288 zenbakiari egokitu zaio 60.000 euroren saria.
2024-06-20
‘Gaztelugatxeko itsaslamina’ izan da Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketako laugarren edizioko irabazlea.