Araban zesta-punta sustatzen jarraitzeko xedearekin, Araba Euskarazek, Arabako Euskal Pilota Elkartearekin eta Gasteiz Jai Alai klubarekin elkarlanean, aurten Gernikan eta Durangon jokatu diren neguko txapelketen desafioa prestatu du martxoaren 31rako. Maite-Maialen eta Erika-Arai, batetik, eta Barandika-Lekarika eta Goikoetxea-Del Rio, bestetik, arituko dira jaialdian. Sarrerak bihar egongo dira salgai arabaeuskaraz.eus webgunean.
Euskara, euskal kultura eta euskal kirolak bultzatu, sustatu eta plazaratzeko asmoari eusten dio Araba Euskarazek, eta aurten ere xede horri gogotsu heldu diogu. Euskal kulturarekin eta euskal kirolarekin bat egiten duen jarduera da zesta-punta eta euskaraz egiten den kirola da, beraz, gure egitasmoarekin bat etortzeaz gainera, azken aldian susperraldia bizi duen kirol hau sustatu nahi dugu Araban.
Horretarako jo dugu Arabako Euskal Pilota Elkartera eta Gasteiz Jai Alai klubera, elkarlanean hiruok bat egiten dugun helburua ahalik eta ongien bete asmoz, eta zesta-punta jaialdi erakargarria antolatu dugu martxoaren 31rako.
Izan ere, Araba Euskaraz Open Series honetan, Gernikan eta Durangon jokatu diren Winter Series-en desafioa dakargu.
Alde batetik, Durangoko finalaren errebantxa izango dugu Gasteizko Olabe pilotalekuan 19:30ean hasiko den jaialdian: Erika Mugartegi eta Arai Lejardi txapeldunak Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabal txapeldunordeen aurka arituko dira.
Bestetik berriz, Gernikako finalean txapeldunorde geratu ziren Xabier Barandikak eta Unai Lekarikabeaskoak Iñaki Osa Goikoetxearen eta Julen del Rioren aurka jokatuko dute.
Arratsalde ilunabar gogoangarria igarotzeko moduko jaialdia, eliteko puntisten jokoarekin gozatu eta euskara, euskal kultura eta euskal kirola sustatzeko aukera paregabea.