Berriz ere Olarizuko zelaietan ospatuko dugu Arabako ikastolen aldeko jaialdia, 2023ko ekainaren 11n. Aurtengo edizioa Aguraingo Ikastolaren aldekoa izango
da, eta urte osoko egitaraua eskainiko dugu, Ekin lelopean.
Ostegun honetan aurkeztu dugu Araba Euskaraz 2023 jaialdia, Arabako Ikastolen egoitzan, Gasteizen. Bertan, Unai Mendizabal Arabako Ikastolen Elkarteko presidenteak eta Salome Martinez de Ilarduya Lautadako Ikastolako zuzendariak eman dute ekimenaren berri, Arabako zortzi ikastolen ordezkariekin batera.
Iragan ekainean ospatu genuen azkeneko Araba Euskaraz jaiak utzitako zapore gozoarekin ekin diogu heldu den urtekoa antolatzeari. Azkenekoa eta lehenengoan bezala, orain ere, denok batera antolatuko dugu Arabako ikastolen jaiaren 2023ko ekitaldia, eta bi edizio horietan bezala, Olarizun ospatuko dugu datorren urtean ere, Araba Euskaraz, 2023ko ekainaren 11n.
Ikastola guztiok batera, guztiok batuta. Arabako zortzi ikastolak elkarrekin ariko gara aurten ere Araba Euskaraz antolatzen. Aurtengo ekitaldian martxan jarri dugun ereduari jarraipena emango diogu, auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz esku, buruz buru, gure jakintza elkarbanatuz, gure harremana aberastuz.
Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzordeak eta lanak banatu ditugu: material salmenta, Tanta txartelen salmenta, babesle-laguntzaileen eta publizitatearen bilaketa, segurtasun aurreikuspen lanak, urte osoko ekimenen antolaketa, eguneko egitarauaren taxuketa, muntaketa lanen aurreikuspena,.. Lan asko dira elkarlanean kudeatu beharrekoak. Lan horiek guztiak, bistan da, samurrago egiten dira ikastola guztiok batuta, eta denon artean koordinatuta.
Urte osoko Araba Euskaraz
Araba Euskaraz eguna ekainaren 11n ospatuko dugun arren, iaz hasitako bideari jarraituz, Araba Euskaraz urteari ekin diogu. Alegia, Araba Euskaraz gure lurraldeko bazter guztietara eramango dugu aurten ere, eskualde bakoitzean urtean zehar antolatuko ditugun ekimen desberdinen bitartez. Urte osoko lana aurreikusten dugu, beraz, eta Araba Euskaraz eguna urte osoari bukaera ematen dion jai eguna izango da.
Ikastola guztion artean egingo dugun auzolan honi esker, ikastolen proiektuak ezagutarazi eta bultzatu nahi ditugu. Baina, era berean, euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat eskaini nahi diegu. Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua, ozen entzun dadin; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin; arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea, euskaraz bizi gaitezen.
Guztion lana, guztion konpromisoa, ikastolen mugimenduarekiko, Arabarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko. Guztion lana eta esfortzua, ikastolen proiektuak aurrera ateratzeko. Azkeneko Araba Euskaraz Argantzun ikastolari laguntzeko antolatu genuen. 2023. urteko Araba Euskarazen lortzen dugun dirua, berriz, Aguraingo Lautada ikastolari laguntzeko erabiliko dugu. Lautada ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Lautadan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilpen eremuak zabaltzeko baliatuko dugu gure jaia.
Leloa eta logotipoa
“EKIN” hitza da 2023ko Araba Euskaraz jairako hautatu dugun leloa. Ekinaren ekinez iritsi garelako ikastolak honaino, ekinaren ekinez iritsi delako Araba Euskaraz honaino. Ekinaren ekinez goazelako aurrera, ekin eta ekin. Ekin eta ekin, elkarrekin, guztiok batera goazelako. Aditza bezala, deklinabide atzizki gisa ere erabiliko dugu EKIN. Horregatik, logotipoari dagokionez, EKIN hitza bera hartu da iruditzat. Baina aditzak marratxo bat darama aurretik, bera bakarrik dagoenean aditza izango delako, baina, beste hitz batzuekin lotuta, deklinabide atzizki gisa erabiliko dugulako.
Ekin ekin diogu
Arestian aipatu bezala, Araba Euskaraz urteari ekiteko agerraldia dugu gaurkoa. Hasi baikara dagoeneko. Eskualdeka antolatuko ditugun ekitaldiak ari gara prestatzen, eta bi aurreratzeko moduan gaude gaur.
- Lehena, azaroaren 18an izango da, Agurainen. Kalejira erraldoi bat antolatu dugu egun honetarako. San Juan Plazatik Santa Maria plazaraino joango gara Asier Burguete DJ-arekin, malabaristekin eta hanka-luzeekin. Fotokola eta txosna ere paratuko ditugu.
- Bigarrena, berriz, Go!azen kontzertua izango da. Abenduaren 4an izango da, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Bi emanaldi izango dira, gainera: arratsaldeko bostetan lehena, eta ilunabarreko zazpietan bigarrena.
Lautada Ikastola
Lautada ikastola 2008an sortu genuen. Hamabost urte beteko ditugu, beraz, datorren urtean. Sorreratik herriari loturik gaude, Aguraini loturik. Kooperatiba izanik, elkarlana eta auzolana ditugu gure lanabes nagusiak. 250 ikasle eskolatzen ditugu, haiek dira gure altxorra. Guk kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen diegu irakasle talde profesional eta konprometituarekin eta guraso kooperatibisten ahaleginarekin. Agurain euskaldun bat amesten dugu, Lautada euskaldun batean, Euskal Herri euskaldun batean, eta amets hori egia bihurtzeko lanean dihardugu.
Elkartasuna eman eta jasotzen den altxorra da. Araba Euskaraz horixe da, auzolanaren eta elkarlanaren bitartez eman eta jasotzen den elkartasuna. Datorren urtean guri dagokigu elkartasun hori jasotzea. Arabako ikastola guztion artean egingo dugun auzolanari esker, gure proiektua sendotzeko bultzada jasoko dugu. Eskerrik asko, beraz, ikastola guztioi, aldez aurretik. Urte zoro eta zoragarria dugu aurretik.
Lautada ikastolako komunitatea gogotsu eta kementsu ari gara Lautadan euskararen erabilpena aldarrikatu, bultzatu eta erabilpen eremuak zabaltzeko lanean, eta Araba Euskarazekin bultzada eman nahi diogu helburu honi. Gure hezkuntza proiektuari ere bultzada eman nahi diogu Arabako ikastolen jaiaren bitartez, eta konfiantza handia dugu gure xedeak zabaltzen jarraitzeko indarrak hartuko ditugula, eta urte honetan bidelagun gehiago batuko zaizkigula.