Jaiari amaiera ematear gauden uneotan, primerakoa izan dela azpimarratu nahi dugu. Olarizun sortu den giroa apartekoa izan da. Giro lasaia, umoretsua, alaitsua, dantzagarria, eta familian eta lagunartean gozatzekoa izan da. Pandemia osteko lehen jaia askatasun osoz disfrutatzeko aukera izan dugu.
Argantzun ikastolaren eraikin berria egitera bideratuko da gaur bildutako dirua. Goiz da jakiteko Argantzuni emango diogun babes ekonomikoa zer tamainakoa den, baina gaur jaso duen bultzadak bere proiektu erraldoiari gogotsu helduta jarraitzeko indarra emango dio: Trebiñu eskualdea, Arabako zortzigarren kuadrilla, euskalduntzen eta kalitatezko hezkuntza eraldatzailea eskaintzen jarraitzeko indarra emango dio.
Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu egun hau eta urte guztian zehar egin ditugun ekintza guztiak antolatzen lanean buru-belarri, eskuz esku, musu truke aritu diren guzti guztiei; aupa, zuek! Eskerrik asko, halaber, egun hau antolatzeko babesa eman diguzuen guzti-guztioi, oholtzetan eta bidean euren lanak eskaini dizkiguten artista guztiei, segurtasun eta sorospen lanetan aritu diren guztiei, eta urterik urte, hutsik egin gabe gurekin diren babesle guztiei. Eta, bereziki, ikastolen, euskararen eta euskal kulturaren aldeko egun handi honetara gozatzera etorri zareten milaka herritarrei. Hitz gutxitan esateko: Mila esker mila, Araba!