Arabako zortzi ikastoletan txikiena da Argantzun ikastola. 2003. urtean sortua, gogoz, ilusioz eta lan handia eginez ari da Trebiñu euskalduntzeko ibilbidea egiten. Txikiena eta bereziena ere bada Argantzun ikastola. Euskara ofiziala ez den eremuan, Arabaren bihotzean baina Araba “ofizialetik” kanpo, hamaika eragozpeni aurre egin behar izan dio. Baina, egun, trebiñuar familia askoren hautua da euren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta eraldatzailea eskaintzeko.
Argantzun ikastolak 2003ko urriaren 27an ireki zituen ateak. Ordurarte etxean edo Trebiñutik kanpoko beste haurtzaindegiren batean zain egondako 11 familiak osatu zuten lehenbiziko promozioa. Urtez urte, handituz joan zen ikastola, eta Haur Hezkuntza osoa osatu zutenean, 40 ikasle izatera iritsi ziren. Hortik aurrera, kopuru horretan mantendu dira, 40 eta 50 ikasle artean.
Eta pixkanaka aurrera joan dira, Haur Hezkuntza eskaintzetik Lehen Hezkuntza ere eskaintzera igaro ziren, 2016an, eta 2019an Sagastietara eraman zuten Lehen Hezkuntza, alokairuan hartutako eraikin batean. Hanka bat Trebiñun eta bestea Sagastietan, ikastola hazteko bidea aurkitu zuen Argantzun ikastolak. Aurten, guztira 68 ikasle dituzte eta oso ikasturte berezia da ikastolarentzat, 6. mailako lehen ikasleak ikastolatik aterako direlako eta horrela Lehen Hezkuntzako etapa osoa lortuko duten lehenengo urtea izango delako.
Urteotan, ezinbestekoa izan dituzte ikastolaren komunitatearen konpromisoa, Euskal Herriko Ikastolen elkartasuna, eta baita herritarrena ere. Hiru Araba Euskaraz antolatu dituzte, eta laugarrena ere antolatzera doaz. Hain zuzen ere, Sagastietan ikastolaren eraikina egiteko erabiliko da aurtengo Araba Euskarazen ateratzen den etekina.
Argantzun ikastolaren laugarren Araba Euskaraz, ordea, berezia izango da. Izan ere, ez du berak bakarrik antolatuko, Arabako zortzi ikastolen artean ari baitira urte osoko ekitaldiak antolatzen, eta zortziak bat eginik ari dira antolatzen ekainaren 19ko jaia ere. Ospakizun handia, ez da Trebiñun egingo, Gasteizen baizik, Olarizu parkean.
Lagundu nahi diguzu Trebiñu euskalduntzen?
- Erosi Araba Euskaraz materiala
- Eskuratu TANTA elkartasun txartelak
- BIZUM bidez ekarpena eginez. Horretarako aplikazioan, Eman izeneko atalean sartu eta bertan dagoen bilatzailean ARABA EUSKARAZ bilatu.
- eta zatoz Araba Euskarazera! Ekainaren 19an, denok Olarizura!
Zortzi ikastola, zortzi kuadrilla, gu gara zortzigarren alaba!