Gaur aurkeztu ditugu, Gasteizen, 2022ko Araba Euskaraz jaiaren abestia eta bideoklipa. Zortzi alaba dantzari da aurtengo abestiaren izenburua; Manex Agirre bertsolariak jarri dizkio hitzak eta Sukasuan eta Dupla taldeek erantsi diote musika. Bideoklipa egiteko ardura, berriz, Unai Martinek eta Julen Garciak izan dute. Guztien artean abesti alai, dantzagarri eta mezuz betea osatu dute, eta bideoklipak ikusgarritasuna eman die abestiaren ezaugarri nagusiei.
Elkarlanean eta auzolanean eginiko kanta duzue, elkarlana eta auzolana baitira gure jaia antolatzeko ardatz; aurten, gainera, bikoiztuta datoz ezaugarri horiek, dakizuen moduan, Arabako zortzi ikastolak elkarrekin ari baikara datorren ekainaren 19ko jaia bezala, urtean zehar egiten ari garen ekimen desberdinak antolatzen.
Abestiaren izenburuak lotura egiten du aurtengo leloarekin. ‘Zortzigarren alaba’ da lelo hori; Trebiñuri (Arabako zortzigarren kuadrilla) eta Argantzun ikastolari (Arabako zortzigarren ikastola; Araba Euskarazen aurtengo ekitaldian biltzen den dirua ikastola honek Sagastietan egin behar duen eraikina finantzatzen laguntzeko izango da) egiten dio erreferentzia, eta baita Gorka Knörr-en ‘Araba’ abestiari ere. Era berean, batasuna ere adierazten du, zortziak bat direlako, kuadrillak bezala, ikastolak, eta lehen aipatu bezala, zortzi ikastolak elkarrekin ari direlako Araba Euskaraz antolatzen.
Gaurko aurkezpenean, Ikastolen Elkarteko, Araba Euskaraz Kultur Elkarteko eta ikastoletako ordezkariez gainera, Manex Agirrek eta Sukasuan eta Dupla taldeko kideek hartu dute parte.
Sukasuan: Arabako Lautadan sortutako taldea da Sukasuan; zehazki, Agurainen bere sustraiak dituena eta herri honetako kultura musikalarekin jarraitzen duena. Euskal folklorea oinarri izanik eta panderoa eta trikitixa presente edukiz, hainbat estilo musikal jorratzen duen taldea da. Gauzak horrela, Sukasuanen bost kideek eskaintza musikal anitza daramate herriz herri, abestien bertsioak eta abesti propioak nahastuz kulturaren eta jai giroaren mesedetan.
Dupla: Nekazal ingurune batean, Agurainen, musika urbanoa egiten duen taldea da Dupla. 2019. urtetik euskal eszenatokia hankaz gora jartzen ari den bikotea. Pandemia garaian berrogeita bost kontzertu eskaini zituzten eta aurten "Naiheran" izeneko lehenengo diska fisikoa kaleratu dute.
Manex Agirre: Aramaioko bertsolaria. 2000an, Arabako Eskolarteko Txapelketan txapeldun. 2010, 2018 eta 2020ko Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan talde irabazleko kide izan da. Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldun, 2011 eta 2015eko ekitaldietan. Euskal Herriko 2013ko Txapelketa Nagusian parte hartu zuen.