Skip to main content

Araba Euskaraz arrakastatsua

2019/06/16
araba euskaraz

Helburuak bete dira, eta jai giro paregabea bizitzeko aukera izan da Gasteizen

Armentia ikastolak eskerrak eman nahi dizkie Araba Euskarazera gerturatu diren ikastolazale guztiei

Primerako eguraldia lagun, jai giro alai eta paregabea izan dugu, gaur, egun osoan zehar Gasteizen, Araba Euskaraz jaian. Egun honetarako Armentia ikastolak jarritako helburuak bete egin dira, eta emaitza guztiak jakiteko egun batzuk beharko diren arren, oso pozik dago egunak eman duenarekin.

Armentia ikastolak gertutasuna adierazi nahi zuen aurtengo Araba Euskarazen bitartez. Gertu izan da aurtengo leloa, eta ikastolak sentitu du herritarren gertutasun hori, gaur bezala, urte osoan zehar.

Gerturatu diren milaka ikastolazalek euskaraz eta euskal kulturaz disfrutatu ahal izan dute Gasteizera ekarri dugun gure kulturaren aniztasunaren laginarekin. Era berean, kulturartekotasuna ere presente egon da gaurko jai handian, kontinente desberdinetatik gure herrira bizitzera etorri diren herritarren kultur adierazpideek ere leku esanguratsu bat izan baitute. Bolivia, Kolonbia, Brasil, Sahara eta Afrikako beste lurralde batzuetako musika, dantzak eta gastronomia dastatzeko aukera izan da Araba Euskarazen.

Egun osoan zehar eguzki betea iazan bada ere, jaira hurbildutakoek gerizpe handiak izan dituzte babesteko. Jaia egiteko erabili diren lau guneak jendez lepo egon dira, eta janari eta edariak agortu egin dira zenbait txosnatan.

Armentia ikastolak eskerrak eman nahi dizkie Araba Euskarazera gerturatu diren ikastolazale guztiei. Eskerrak, bihotzez, baita ere, jai handi hau handiago egin duten boluntario guztiei, Armentia ikastolako guraso, irakasle, ikasle eta langileei, zein beste ikastoletakoei eta Gasteizko askotariko elkarte eta herritarrei.

Datorren urtean Amurrioko Aresketa ikastolak antolatuko du Araba Euskaraz. Adore eta animo!

Albisteak

2024-10-10
Gaur aurkeztu dugu, Gasteizen, 2025eko Araba  Euskaraz.
2024-06-21
Gaur egin da TANTA txartelen zozketa, eta 54.288 zenbakiari egokitu zaio 60.000 euroren saria.
2024-06-20
‘Gaztelugatxeko itsaslamina’ izan da Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketako laugarren edizioko irabazlea.