- Araba Euskaraz 2019 jaialdia antolatuko du ikastolak
GASTEIZ. Armentia Ikastolako hezkuntza-komunitatea kalera aterako da bihar, otsailak 4, tradizioari jarraituz, Agate Deunaren bezperako koplak abestera. Ikasturte honetara arte Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak izan dira beti ikastolaren inguruko kaleetan abestu eta txirula jo dutenak, baina aurten ideia izugarri ona iruditu zaigu Zabalgana Batuz auzo-elkartearen ekimena eta harekin bat egitea erabaki dugu.
Hala, 17:00etan Haur eta Lehen Hezkuntzako guraso, irakasle eta ikasleak Ikastolatik aterako dira hainbat trikitilarirekin batera. Bidean, Bastida Plazan gelditu eta bertan Agate Deunaren koplak abesteari ekingo diote. Gero, 18:00etan, Armentia Ikastola auzoko gainerako ikastetxeekin elkartuko da Zabalganako gizarte-etxe ondoan.
2019. urtea berezia da, gainera, Armentia Ikastolari egokitu zaiolako Araba Euskaraz antolatzea. Horretarako aukeratu dugun leloak –“GERTU” – argi adierazten du zein den gure helburua; alegia, gasteiztarren gertu egotea, auzoan eta hirian antolatzen diren ekimenekin bat egitea eta horietan parte hartzea, hala nola Agate Deunaren bezperan.