Kantu, dantza eta irudien bidez zabaltzera goaz Araba Euskaraz

Laudio Ikastolak erritmoa jarri dio aurtengo Araba Euskaraz ekimenari. Osasun krisiak eragindako egoerara moldatu behar izan badu ere, ilusioari zabaldutako bideak aurtengo edizioak ere soinu banda propioa izatea ahalbidetu du.

Kantaren aurkezpen ekitaldi bi burutu dira apirilaren 30ean Araba Euskaraz egunerako bi hilbate eskas falta direnean. Goiz partean Lamuza parkeko kasinoan hedabideei irekitako aurkezpena burutu da Ikastolen Elkarteko eta Laudio Udaleko ordezkariak berton zirela. Arratsalde partean berriz Laudio Ikastolako hezkuntza komunitatearen txanda izan da Ikastolako kiroldegian.

Ekitaldi bietan bideokliparen proiekzioa eta kanta laguntzeko sortutako koreografiaren zuzeneko emanaldia eskaini dituzte, bai eta letra, musika, bideoa eta dantza sortzeko prozesuan aritutakoekin ere elkarrizketa.

KASINOKO AURKEZPENA

“Zabal bideak” da Laudion ospatzen den 5.edizio honetako leloa, bide bat erakusten duen leiho ireki bat duen irudiak lagundutakoa. “Egun bizi dugun egoeran, asko dira berriz zabaldu beharreko bide eta leihoak; Itxaropenari, ilusioari, parte hartzeari, naturari, eraldaketari, berdintasunari, euskarari, talde lanari, elkarlanari, laudioarrei, hezkuntza eredu berriari, aniztasunari, jolas libreari, auzolanari… Osasun krisiak itxitako bide horiek guztiak berriz zabaltzeko garaia da. Eta… ba al dago musikaz zabaltzeko baino modu atseginagorik?” aipatu du Jon Bengoetxea Martinez Ikastolako zuzendariak.

Hilabeteak igaro dira letra idazten, musika sortzen, estudioan grabatzen, koreografia asmatzen, herriko hainbat txokotan irudiak hartzen… hasi zirenetik eta Araba Euskaraz gertutik bizi ezin izan duten horientzat erakusleiho bihurtu nahi izan dute kanta eta bideoklipa. Lehen aipatutako balore guztiei bidea zabaltzeaz gain, euskara mundura zabaltzeko griña piztu nahi izan dute.

Herria martxan eta dantzan jartzeko asko dira sorkuntza lanetan aritu izan direnak, asko izan dira euren alea Laudio Ikastola eta Araba Euskarazen alde jarri dutenak:

LAU IKASLE OHI SORTZAILE

Laudio Ikastolako lau ikasle ohi batu dira kanta eta bideoa sortzeko: Izar Mendiguren Cosgaya abestiaren egilea eta euskararen eta euskal kulturaren bultzatzaile sutsua; Egoitz Uriarte Arabaizagoitia, letrari musika jartzearen arduraduna, aurreko Araba Euskazetan ere parte hartu izan duena; Txabi Alvarado Bañares, bideogilea, Aiaraldea hedabideko kazetaria eta Ainhize Solaun Mendiguren, dantzaren sortzailea, honezkero eskualdeko koreografa erreferentea,  eta hauekin guztiekin elkarlean, Endika Guerrero eta Iskander Vesga saxoan, Garazi Orueta klarinetean, Laura Pelayo zeharkako flautan, Felix Miguel Adrian tronpetan, Flor Inza perkusioan, Daniel Lamperez teklatuan eta Eric Gomez baxuan. Ahotsean  ikastolako ikasleekin batera Egoitz, Alaia Mendieta, Xabi Basterra eta Ana Brau aritu dira.

Laudio Ikastolari, honezkero, sarritan tokatu izan zaio AE ekimena antolatzea. 1983an izan zen lehendabiziko aldia eta 1993an, 2000, urtean, eta azkena, duela hamar urte, 2011n izan zen. Orduan “Araban Bagare” dantzatu eta abestetik aurten “Zabal bideak” kantatzera salto egin du Ikastolak.

“Ezinbestekoa izan da hauen ekarpena, baita ikastolako hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea ere,  beraiek jarritako alerik gabe ezinezkoa litzateke Laudioarrak dantzara batzea eta giroari elkarrekin bidea zabaltzea” eskertuz bukatu du Aiara Murga Egiak, Laudio Ikastolako lehendakariak.

Batu dantzara!