Skip to main content

Euriak ez du jendea beldurtu, eta ikastolazale andana hurbildu da Araba Euskarazera

2023/06/11
AE 23 balorazioa

Goizean goiz Olarizu parkean euria egin duen arren, hurrengo orduetan ateri egon du, eta horri esker ikastolazale andana hurbildu da Araba Euskaraz ospatzera. Jendea gozatzen ari da aurten ere Arabako zortzi ikastolen artean antolatu duten jaiak eskaintzen dizkien askotariko ikuskizun eta ekitaldiez, ikus-entzuteaz gainera, parte hartzeko aukera ere ematen baitie egun honetarako antolatu den programazioak.

Eguraldia gorabehera, beraz, jendea hurbildu da Olarizura, eta hori azpimarratu nahi dugu, beste behin ere Arabako ikastolen mugimenduak aurtengo Araba Euskarazen jaso duen babes eta laguntza.

Goizeko hamarretan eman zaio hasiera aurtengo Araba Euskarazi, parkeko etxaldean egin den ekitaldiarekin. Gonbidatu eta ordezkari ugari hurreratu dira.

Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakari Unai Mendizabalek egin die ongietorria ekitaldira hurbildutako guztiei. Gogoratu du, aurtengo ekitaldia, iaz bezala, zortzi ikastolen artean antolatu dutela, eskuz esku, auzolanean, eta egun honetan Olarizun ospatzen diren arren, Araba Euskaraz lurraldeko eskualde guztietara eraman dutela urtean zehar lekuan lekuan antolatu diren ekitaldi, ikuskizun eta jardueren bitartez.

Gaur bilduko den dirua Aguraingo Lautada ikastolari laguntzeko izango dela ere gogoratu du: “. Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen duen irakasle talde profesional eta konprometituarekin, guraso kooperatibisten ahaleginari bultzada emateko. Agurain euskaldun bat amesten dugu, Lautada euskaldun batean, Euskal Herri euskaldun batean eta amets hori egia bihurtzeko ekinean dihardugu”.

Ekitaldian Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere hartu dute hitza. Azken honek berak azaldu duen bezala, duela zortzi urte alkate izendatu zuten egunaren biharamunean bere lehen ekitaldi instituzionala  Araba Euskaraz izan zen, eta orain alkatetza uzteko sei egun geratzen zaizkionean, Araba Euskaraz  da hitza hartuko duen azken ekitaldia ez bada, azken aurrekoa. Ikastolen lana balioan jarri du Urtaranek, gainerako hizlariek bezala, eta aurrera ere ikastolek egiteko asko dutela azpimarratu du.

Omenaldia

Araba Euskarazen hasiera ekitaldian omenaldia ere egin da. Hain zuzen ere, besteak beste duela berrogei urte argitaratu zen Sinonimoen Hiztegiaren egile izan zen Bostak Bat elkarteari egin diote omenaldia. Izan ere hiztegigintza  izan zen Bostak Bat elkartearen egiteko nagusia, 1981. urtean sortu zenetik, eta uzta oparoa utzi zuen Adorez hiztegi sortak:  19 liburukik eta bi CDk osatzen dute “ADOREZ” hiztegi sortaren altxor ederra. Elkarteko horretako hiru kide hurreratu dira aitortza jasotzera: Patxi Uribarren, Juan Luis Goikoetxea eta Rikardo Badiola.

Gari Suarezek eta Maddi Agirrek gidatu dute ekitaldia, eta parte hartu dute baita ere, Xubton Stilt jazz taldeak, Antton Aranburu kantariak eta Lautada ikastolako ikasleek.