Skip to main content

ARABA EUSKARAZ 2022KO EGUNAREN INFORMAZIOA! EKAINAREN 19AN ZATOZ OLARIZURA!

2022/06/10

 

Duela berrogeita bat urte ospatu genuen lehenbiziko Araba Euskaraz, hemen, Gasteizen, Olarizun. Berrogeita bigarren Araba Euskaraz Olarizura itzuliko da hamar egun barru. Orduan bezala, ekainaren 19an ere, Arabako ikastolok elkarrekin antolatzen ari gara Araba Euskaraz. 

Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egin dugu, Argantzun ikastolaren alde. Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba.

ARGANTZUN IKASTOLA

Arabako zortzi ikastoletan txikiena da Argantzun ikastola. 2003. urtean sortua, gogoz, ilusioz eta lan handia  eginez ari da Trebiñu euskalduntzeko ibilbidea egiten.  Txikiena eta bereziena ere bada Argantzun ikastola. Euskara ofiziala ez den eremuan, Arabaren bihotzean baina Araba “ofizialetik” kanpo, hamaika eragozpeni aurre egin behar izan dio. Baina, egun, trebiñuar familia askoren hautua da euren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta eraldatzailea eskaintzeko.

Argantzun ikastolak 2003ko urriaren 27an ireki zituen ateak. Ordurarte etxean edo  Trebiñutik kanpoko beste haurtzaindegiren batean zain egondako 11 familiak osatu zuten lehenbiziko promozioa. Urtez urte, handituz joan zen ikastola, eta Haur Hezkuntza osoa osatu zutenean, 40 ikasle izatera iritsi ziren. Hortik aurrera, kopuru horretan mantendu dira, 40 eta 50 ikasle artean.

Eta pixkanaka aurrera joan dira, Haur Hezkuntza eskaintzetik Lehen Hezkuntza ere eskaintzera igaro ziren, 2016an, eta 2019an Sagastietara eraman zuten Lehen Hezkuntza, alokairuan hartutako eraikin batean. Hanka bat Trebiñun eta bestea Sagastietan, ikastola hazteko bidea aurkitu zuen Argantzun ikastolak. Aurten, guztira 68 ikasle dituzte eta oso ikasturte berezia da ikastolarentzat, 6. mailako lehen ikasleak ikastolatik aterako direlako eta horrela Lehen Hezkuntzako etapa osoa lortuko duten lehenengo urtea izango delako.

Urteotan, ezinbestekoa izan dituzte ikastolaren komunitatearen konpromisoa, Euskal Herriko Ikastolen elkartasuna, eta baita herritarrena ere. Hiru Araba Euskaraz antolatu dituzte, eta laugarrena ere antolatzera doaz. Hain zuzen ere, Sagastietan ikastolaren eraikina egiteko erabiliko da aurtengo Araba Euskarazen ateratzen den etekina.

ARABA EUSKARAZ EGUNA

Olarizura itzuliko da ARABA EUSKARAZ. Gasteizko Eraztun Berdean kokatua, hiriaren hegoaldean, 120 hektarea betetzen ditu orotara. Zuhaitzez eta milatik gora landare espeziez hornituta, egun pasa ederra egiteko aukera ematen du, eta ARABA EUSKARAZ ospatzeko leku paregabea da.

Argi genuen ez zela egun bakarreko jaia izango. Aitzitik, ikasturte osoan, zortzi ikastoletan, Araba zabalean, jarduera eta ekitaldi desberdinak antolatu ditugu. Urte osoko jarduna izan da, beraz, eta ARABA EUSKARAZ eguna, urte osoari bukaera emango dion jai eguna izango da.

Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzorde desberdinak eta lanak banatu ditugu: material salmenta, TANTA zozketa, babesle-laguntzaileak, publizitatea, segurtasuna, urte osoko ekimenak, eguneko egitaraua, muntaketa,..

Guztia ilusio handiz egin dugu, bi urtez ARABA EUSKARAZ guk nahiko genukeen moduan antolatu ezinik aritu eta gero, indarberrituta gatoz Arabako ikastolen egun handi eta berezi honekin. Famila eta lagunarte giroan ospatzeko jaia izatea nahi dugu, euskara belarrietan eta ahoan dugula ospatu nahi dugu, euskal kulturari eta euskarari eskaini nahi diegu Gasteizko txoko eder eta paregabe hau.

Egunari berari dagokionez, 10:00etan hasiko gara ARABA EUSKARAZ ospatzen. Olarizuko Etxaldean egingo ditugu Hasiera eta Omenaldi ekitaldiak.

Ordutik aurrera, Olarizu parkean prestatu ditugun hiru guneetan egun osoko egitaraua prestatu dugu. 11:00etan hasiko dira, eta 19:00ak bitarte askotariko ikuskizunak izango ditugu hiru gune horietan.

Haritza gunean, Arte eszenikoak izango ditugu Armentia ikastolaren eskutik, Ene Kantak ikuskizuna, Perli eta Koxkoloren Bidaia liluragarria, Zunba eta ‘Zortzi alaba kantari’ abestiaren koreografia eta Goazen!-en emanaldia. Gune horretan, Eroskiren elikadura eskola, Euskaltelen txirrindularitza pista eta puzgarriak ere egongo dira.

Pagoa gunean, berriz, Euskal Dantzen Topaketa izango da, Algara dantza plaza, Erabatera taldearen emanaldia, Alea-ren ‘Patata minak’ antzezlana eta Kai Nakai-ren emanaldia. Goizean DBH eta LHko ikasleentzako Erronka eta Haurren Basoa ere bertan izango dira, eta egun osoan zehar tonbola, Araba  Euskaraz denda, Puntu Morea bertan kokatuta egongo dira, eta paella ere eskainiko da.

Ametza gunean, azkenik, bertso saioa izango da eta talde hauen kontzertuak: Intxixu, Keu Agirretxea, Sukasuan eta Oxabi. ‘Elikagaien taupadak’ ikuskizunaren bost emanaldi ere izango dira gune horretako Kaiku agertokian, eta Eusko Label gunea ere bertan kokatuko da, atun pintxoekin.

Gunez-gune ibiliko dira, berriz, Aldats elektro-txaranga, Gasteiz Kantuz eta Kidam magoa. Aipatu nahi dugu, halaber, Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketaren finala Araba Euskarazen baitan jokatuko dela, 10:30ean, Adurtzako pilotalekuan.

OMENALDIA

Egitarauan aipatu dugu Hasiera Ekitaldiarekin eta Omenaldiarekin abiatuko dugula ARABA EUSKARAZ. Omenaldiari dagokionez, aurten auzolana eta elkarlana azpimarratu nahi ditugu, horiek baitira ARABA EUSKARAZ  eta ikastolen jaiak aurrera eramateko ezaugarri nagusiak. Urte hauetan guztietan antolatu ditugun jaietan ikastola bakoitzeko komunitatetik lan aipagarria egin duten pertsona bana omenduko ditugu, eta horiekin batera, urte pilo batean ARABA EUSKARAZ antolatzeko koordinazio lanetan aritu den, eta egun erretreta hartua duen Anjel Olalde ere omenduko dugu.

Halaber, Araban euskararen alde auzolanean dabilen eta gurekin ere askotan eskuz-esku ibiltzen den Alea aldizkaria ere omendu nahi dugu ekainaren 19ko ekitaldian.

Albisteak

2024-11-25
Sarrerak hemen salgai: http://sarrerak.arabaeuskaraz.eus/web/?menu=36&pagina=&siteID=arabaeuskaraz
2024-10-10
Gaur aurkeztu dugu, Gasteizen, 2025eko Araba  Euskaraz.
2024-06-21
Gaur egin da TANTA txartelen zozketa, eta 54.288 zenbakiari egokitu zaio 60.000 euroren saria.