Skip to main content

Elkar-EKIN, Araba Euskaraz ospatzeko abestia

2023/04/21

Ttek elektrotxaranga taldeak doinu alai eta dantzagarria jarri dio Malen Urbegainen letrari.

 

Elkar-EKIN

https://youtu.be/qedAiu2xp1w

Gaur eguerdian aurkeztu dugu Araba Euskarazen aurtengo ekitaldiaren abestia. “Elkar-EKIN” da abestiaren izena, eta Aguraingo Lautada ikastolako irakasle Malen Urbegain da letraren egilea. Musika, berriz, Ttek elektrotxaranga taldeko kideek jarri diote. Emaitza, funk eta pop doinuak dituen abesti alai eta dantzagarria da.

Iraganetik orainera bidaia egiten duen istorioa kontatzen du “Elkar-EKIN” abestiak, Urbegainek berak azaldu duenez. “Bi iragan desberdinetatik tira egin nahi izan dugu. Alde batetik, duela 600 urtera egiten da salto, Aguraingo azoka, Arabako zaharrena baita, eta modu honetan, azokek euskarari ematen zioten bilguneari keinu egin nahi baikenion. Hariaren beste muturrean, Ikastolen ibilbidea dago, debekuen gainetik, herri mugimenduz, arnasa, aukerak eta ahotsa eman baitzizkieten euskarari eta kulturari”. Horrez gain, Lautada Ikastolaren ibilbideari ere erreferentzia egin nahi izan dio Urbegainek: “Gure Ikastolaren alde antolatutako hirugarren Araba Euskaraz da eta aurreko bi leloek oso ondo definitzen dute orain arteko bidea. ‘Gogo bizi’ hasi ginen, ‘Geroari begira’ ekiteko”.

Euskal Herriko periferiak eta bortak ere aipatzen ditu abestiak, “ikastolen indargune handietako bat, zazpi lurraldeetan eta hiru curriculum desberdinekin parean, korronteen kontra igeri egiten baitugu”.

Letran ageri diren “txingorra”, “nortasun borborra” eta “euskarak loratzen barne arrakalak” ere azpimarratu nahi izan ditu: “Lautada Ikastolaren izaera azpimarratuko nituzke hiru hauekin, erronkak, aniztasunak dakarren nortasuna eta euskarak dituen zaurien aurrean, ekin eta ekin ari baikara”.

Abestiari musika jarri dion Ttek elektrotxarangak hamar urtez ari da Euskal Herriko kaleak musikaz alaitzen. Beren abesti zerrenda urteetan zehar asko aldatu den arren, abestien bertsioak, haien arteko loturak eginez mix-ak sortu edota abestiei letra aldatzea izan da beren lan egiteko era.

Taldekideen artean gero eta gogo gehiago zuten euren abesti propioak ateratzeko eta euren kontzertuei buelta bat emateko, eta Araba Euskarazentzat abestia sortzeko eskaintzak ate hori ireki die.

“Araba Euskarazen izaera alde batera utzi gabe, kantari buelta bat ematea izan da gure intentzioa. Gure abesti propioa egingo bagenu seguraski beste estilo edo izaera bat hartuko zukeen, baina kasu honetan Araba Euskarazen xedea hartuta eginiko kanta bat daukagu. Kanta honen estiloa definitu beharko bagenu, funk eta pop estiloen arteko nahasketa bat dela esango genuke”, adierazi dute.

Elkar-EKIN kalejira

Kantuaren aurkezpenarekin batera, Salome Martinez de Ilarduya, Lautada Ikastolako zuzendariak  azaldu du, gaur iluntzean, 19:30ean, kanta aurkezteko Elkar-Ekin kalejira antolatu dutela. Hau izango da kalejiraren ibilbidea: Loma plazatik abiatu eta Postas kalea, Plaza Berria, Agirre Lehendakaria kalea, San Frantzisko Aldapa eta Kutxi kalea igaroko ditu.

 

Ekainaren 11rako ibilbidea

Iaz hasitako bideari segida emanez, Arabako ikastola guztien artean antolatu dute aurten ere Araba Euskaraz. Ekitaldi honetan bildutako dirua Aguraingo Lautada ikastolarentzat izango da. Araba Euskaraz jaia ekainaren 11n ospatuko da Olarizun, baina Arabako txoko guztietara eramaten ari dira aurten ere Arabako ikastolen jaia. Azaroan hasi ziren, Agurainen, kalejira handi batekin. Abenduan Go!azen kontzertua antolatu zuten Gasteizen. Otsailean Euskal Pilota Topaketak egin ziren Agurainen, eta martxoan Araba  Euskaraz Open Series zesta punta jaialdia antolatu zuten Gasteizen. Hauek dira ekainaren 11 bitarte geratzen diren beste hitzorduak

Apirilak 23: AE23 Elkar-EKIN Martxan!, Amurrio, Agurain eta Oion.

Maiatzak 7: Araba Euskaraz-ek Herriari, Elkar-EKIN Dantzan!, Agurain.

Maiatzak 26: Kantu bat gara, Agurain.

Ekainak 11: Araba Euskaraz 2023 jaia.

 

 

Albisteak

2024-10-10
Gaur aurkeztu dugu, Gasteizen, 2025eko Araba  Euskaraz.
2024-06-21
Gaur egin da TANTA txartelen zozketa, eta 54.288 zenbakiari egokitu zaio 60.000 euroren saria.
2024-06-20
‘Gaztelugatxeko itsaslamina’ izan da Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketako laugarren edizioko irabazlea.