Liburu Ibiltariaren sorkuntza-prozesuari segida eman diogu Araban

Otsailaren 18an Liburu Ibiltaria proiektua abiatu zuten Sopelako Ander Deuna Ikastolako DBH3ko ikasleek. Ikastolak Herriari ekimenak sortutako egitasmoa da eta Nafarroa Oinez ospatu bitartean 21 ikastolatatik igaroko da. Ibilbide horretan, ikastoletako jaien ekimena izanik, aurtengo jaien antolatzaile diren ikastola guztietatik igaroko da liburua.

Arabako ikastolen ekarpena Laudio eta Aresketa ikastoletako ikasleek osatu dute eta bertotik Iparraldeko ikastoletara egingo du salto ekimenak.

Liburua era partekatuan osatuko da ikastola bakoitzeko DBH3ko ikasleek ekoiztutako testu eta ilustrazioekin. Azken emaitza beraz, Lizarrako ikasleek sortutako istorioa osatutakoan, Nafarroa Oinezen ikusi ahal izango dugu berton eskainiko zaion erakusketa txokoan.

Ikastolen jaien helburuetako bat da euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko guneak eta ekimenak zabaldu eta sustatzea, eta bereziki gazteei eskaintzea euskaraz ongi pasatzeko, esperimentatzeko eta sortzeko aukerak. Liburu Ibiltariaren ekimenarekin, aukera hori zabaldu zaie DBH3ko ikasleei, eta, aldi berean, 21 ikastola horien arteko elkarlana sustatu nahi izan da, eta eremu soziolinguistiko desberdinetan kokatuta egonik, errealitate horien guztien isla ere izan nahi du Liburu Ibiltariaren ekimenak.