Araba Euskaraz 2021 aurkeztu dugu Laudioko Lamuza parkeko kasinoan

Laudio Ikastolak Araba Euskaraz, Arabako Ikastolen jaiaren 2021eko edizioa, 41.a, aurkeztu zuen abenduaren 17an, Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan.

Pandemia egoerak erabat nahastu ditu 2020an zehar ospatu behar ziren Ikastolen jaiak eta behin Amurrion ospatu behar zen 2020ko edizioa amaitutzat emanda, Arabako Ikastolek datorren urterako egitasmoen berri eman zuten jaiaren antolakuntza ardura Laudio Ikastolari emanez.

2021eko ekainaren 20an ospatuko da Araba Euskaraz, “Zabal bideak” lelopean. Logotipoa edo irudi grafikoak, berriz, irekitako leiho batetik ikusten den bide edo paisaia irudikatzen du.

Bertoko zuzendaria den Jon Bengoetxea Martinezek argitu zituen lelo eta logoarekin gizarteratu nahi duten mezuaren muina “une latzak bizi ditugun honetan, ilusioa eta kemena piztu nahi ditugu Zabal bideak leloarekin. Irudimena eta sormena baliatu nahi ditugu Ikastolak, Hezkuntza eta komunitate euskalduna biziberritzeko. Zabal bideak gogo horrek euskarari, parte-hartzeari, euskal kulturari, eraldaketa pedagogikoari egiten die erreferentzia. Hortik dator gure leloa eta hortik dator gure logoa. Ireki ditzagun gure leihoak, ireki ditzagun gure ateak, euskarari, hezkuntza eredu berriari eta Laudioko herriari”.

Araba Euskaraz ekimenak sortuko dituen baliabide ekonomikoei dagokienez, Jon Bengoetxeak hiru ardatz aipatu zituen. “Jakin badakigu oraingo egoerak sor daitezkeen baliabide ekonomikoengan eragin zuzena izango duela. Errealistak izan nahi dugu espekatibatan. Hala ere hiru ardatz zehaztu ditugu sor daitezkeen funtsetarako: Laudio Ikastola garatzen ari den proiektu pedagogikoak behar dituen espazio arkitektonikoen egokitzapena; Ikastola eremua herrira zabaltzeko ekimena sustatzea; eta aniztasuna eta inklusioari bideak eskaini ahal izateko errekurtsoak eskuratzea”.

Laudio Ikastolako lehendakaria den Aiara Murga Egiak bestetik, 2021 urtean jaiaren antolaketan garatuko diren berrikuntza ildoak aurkeztu zituen. "Aurtengoa eta hemendik aurrera ezagutuko ditugun Araba Euskaraz jaiak ez dira lehengo berberak izango. Jai eredu aldaketa batean murgilduta daude Ikastolen jaiak eta gureak ere bide hori jorratuko du. Urtean zehar, hilabetero ahal dela, euskara eta euskal kultura sustatzeko ekimenak bideratuko ditugu. Bide horren gailurra edo azken txanpa ekainaren 20an burutuko dugu. Ibilbide horretan Ikastola herrira zabaltzea izango dugu ardatz, irudimena eta sormena elikatzeko aukerak  eskaini nahi ditugu eta baita ere herriko kaleetatik haratago gure ingurumena, gure ondare naturala ezagutu eta zaintzeko ekimenak jorratu”.

Aurkezpen ekitaldiak musika eta umorerako tarteak ere eskaini zituen. Abiapuntuan Laudio Ikastolako ikasle talde batek, Laudion ospatutako aurreko edizioan erabilitako leloari helduz, “Bagare” kanta eskaini zuen. Horrez gain, ilusiorako pizgarri moduan Kaitin Allende Zaldunbide bakarrizketariak eta 2000 urtean Laudion ospatutako Araba Euskaraz edizioko koordinatzaileak, orain arteko Ikastolen jaien antolakuntza eredua gogora ekarri eta egun bizi dugun egoerak ezarritako baldintzatara egokitutako proposamen umoretsu eta burugabea irudikatu zuen.

Laudio Ikastolako hezkuntza komunitateak ere bere ekarpena egin zuen ekitaldian bertoko ikasle, guraso eta irakasleria artean euskara, ikastola eta Araba Euskaraz jaiaren inguruan jasotako testigantza eta haurnarketak biltzen zituen bideo batean laburbilduta.

Antolatzaileek oraingo egoerako baldintzatara egokitu zuten aurkezpen ekitaldia. Araba Euskarazen youtube kanalaren bidez zabaldu zuten streaming bidez, ekitaldira bertoratutako publikoa ahalik eta gehien murrizteko.

Lamuza parkeko kasinoan Araba Euskaraz jaiaren lekukoa elkarri pasa behar zioten Amurrio eta Laudioko Ikastolen ordezkariak eta Ikastolen Elkarteko jaien kordinatzaileak, Joseba Aginagaldek, harrera egin zieten gonbidatutako erakundetako ordezkariei, Laudio Ikastolako ikasle ohi diren Ander Añibarro Maestreri, Laudioko alkatea, eta Lexuri Ugarte Aretxagari, Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria. Ekitaldiko zuzeneko emanaldietan parte hartu behar zuten pertsonek eta hedabideetako kazetariek osatu zuten emanaldiko zuzeneko publikoa.