Amurrioko Aresketa Ikastolak antolatuta aurkeztu da aurtengo Araba Euskarazen egitaraua. Egun bakarreko jaitik harago, euskal kultura indartzeko, euskararen erabileran jauzi berri bat emateko eta eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatzeko topagunea izango da aurtengo edizioa.
"Gure nahia euskararen taupadak indartzea eta euskara herritar guztiengana iristea da; ez soilik ikastolan, baizik eta kalean, plazan eta eguneroko bizitzan"
Araba Euskaraz ez da lurralde baten jai soil bat, ikastolek euskararen biziberritzean eta transmisioan jokatzen duten paper aktiboaren erakusleiho nagusietako bat baizik. Hori izan da, hain zuzen ere, gaur Amurrion egin den aurkezpenaren mezu nagusia. Unai Mendizabal Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakariak nabarmendu duenez, ikastolen sorreratik jauzi handia eman da euskalduntzean, baina erabileraren atzeraldiaren eta euskararen aurkako oldarraldien aurrean, erantzun bateratu bat emateko garaia da: "Euskaraz biziko den gizarte bat nahi dugu, eta honaino ekarri gaituen olatua utzi gabe, harago eramango gaituen beste olatu indartsu bat hartzera goaz".
Erakunde publikoen eta herrigintzaren indarrak batzeko deia egin du Mendizabalek, Araba Euskaraz topagune alai bat izateaz gain, hizkuntza eskubideak exijitzeko aldarrikapen espazio bat ere badela azpimarratuz.
Auzolana eta komunitatearen indarra
Josu Barrenengoa Aresketa Ikastolako lehendakariak ikastolaren harrotasuna eta ardura adierazi ditu edizio honen antolakuntzan. «Taupadak berpiztu» leloa ez dela kasualitatea azaldu du: "Gure nahia euskararen taupadak indartzea eta euskara herritar guztiengana iristea da; ez soilik ikastolan, baizik eta kalean, plazan eta eguneroko bizitzan". Aiaraldean murgiltze ereduan aitzindari izandako ikastolak azken hilabeteetan Araba osoko ikastolen, herriko eragileen eta boluntarioen laguntza eskertu du, ekainaren 14koa komunitate oso baten auzolanaren isla izango dela bermatuz.
Egitarau anitza, segurua eta ingurumenarekin arduratsua
Itxaso Ugarte Ozaeta Aresketa Ikastolako zuzendariak eman ditu ekainaren 14ko eta aurreko egunetako egitarauaren xehetasunak. Motorrak berotzeko, ekainaren 12an Kantuz ekimena egingo da Amurrio Antzokian, eta 13an Gazte Eguna, mendi bizikleta saria eta pilota finalak izango dira.
Igandean, ekainaren 14an, 10:00etan hasiko da egun handia, Aresketa Ikastolan egingo den hasiera ekitaldiarekin. Herri osoan zehar banatuta, hiru gune nagusi antolatu dira adin eta gustu guztientzako eskaintzarekin:
Antolakuntzak bereziki azpimarratu nahi izan ditu jaiaren zeharkako balioak: ingurumenarekiko erabateko konpromisoa, beiraren eta alkoholdun edarien sarrera debekua zirkuituan, eta, batez ere, jaiak aske eta erasorik gabe gozatzeko aldarria. Araba Euskarazek Amurrio euskararen eta euskal kulturaren topagune handi bihurtzeko gonbidapena luzatu die Euskal Herri osoko herritarrei.