Igon Olaguenagaren eta Txiki Loraren sorkuntzak musikalki aniztasunez eta dantzagarritasunez euskararen aldeko aldarria egiten du.
Deialdi horrekin bat egin dute Aresketa Ikastolako ikasleek abestiarako propio prestatutako koreografia dantzatuz.
AMURRIO, 2026ko apirilaren 22a.- Gaur goizean, Amurrioko Juan Urrutia parkeko GUK eskulturaren aurrean, 2026ko Araba Euskaraz ekimenerako prestatutako abestia aurkeztu du Aresketa Ikastolak: "Taupadak berpiztu!". Aresketa Ikastolako ordezkariak eta kantuaren egileak, Igon Olaguenaga (ikasle ohia eta egungo langilea) eta Txiki Lora (ikastolako aita), protagonista izan dira ekitaldian. Ikastolako ikasleek, berriz, abestiarako propio prestaturiko koreografia dantzatuz, euskarak eta euskal kulturak pairatzen duten egoeraren aurrean taupadak berpizteko beharraren deiadarra luzatu dute.
“Taupadak berpiztu!” abestiaren letra euskararen biziberritzeko beharrari deia zuzena da, herriaren bihotzaren taupadak –bihotz-joera kolektiboa– berpizteko, alegia.
Abestiaren hitzek hausnarketa sakona egiten dute euskararen egoeraren inguruan, 1960-1970 hamarkadetako berpizkundetik (“Nondik gatoz ta nora goazen”) hasita, gaur egungo geldialdi zantzuei aurre egiteko deia egiteraino (“ez dezagun ahaztu zein den gure bidaia”). Aldi berean, euskara heriotzatik normaltasunetik baino gertuago dagoela ohartarazita, erakutsi behar ditugun “gogoa eta kuraia”ri heltzeko deialdia nabarmena da.
Aniztasuna eta dantzagarritasuna ardatz, soinu organikoz sortutako saltsa oinarritzat hartuta, herrialde desberdinetako doinuez apainduta (alboka, trikia, tronpeta, tronboia eta perkusio latinoa nahastuz) josi dute kanta. Honako hau aurrera eraman ahal izateko kantaren ekoizleek emaitza “goxo” eta “saltseroa” ekoiztu dute.
Egileetan Igon Olaguenaga (ideia, letra, ahotsa, ekoizpena) eta Txiki Lora (ideia, gitarra, ahotsa, ekoizpena) dira buru, eta Amaia Santamaria (ahotsa), Rodrigo Ulises (perkusioa), Yago Salorio (baxua), Marcos Ortega (tronpeta), Fernando Blanca (tronboia), Ibon Koteron (alboka), Joseba Tapia (trikitia) eta Iñaki Otxondorena “Moro” (letra eta ahotsa) bezalako musikari ezagunen kolaborazioa jaso dute. Aresketa Ikastolako zenbait ikasleren ahotsak ere jaso ditu abestiak eta Elkar Estudioko Victor Sanchez nahasketa eta master teknikaria izan da .
Bideoklipari dagokionean, Eneko Martinezek (Ikastolako ikasle ohia) Aresketa Ikastolako sorreratik lanean jardun duen komunitate osoari aitortza islatu nahi izan du, euskaren aldeko taupadak etorkizunean bizik irauteko jaia ospatuz.
Abestiaren letra: "Taupadak berpiztu!"
Nondik gatoz ta
nora goazen, alajaina!
ez dezagun ahaztu
zein den gure bidaia
batu ditzagun denok
gogoa ta kuraia
mingainean daukagu
behar den sendagaia
hemen daukagu berriz
berpizteko garaia
mezu zuzena dakar
aurtengo elaiak
Bazen behin
herri txiki baten algara
izenez Euskal Herria
hizkuntza euskara
Zabala dela esan nahi diot
Arabaraino hurbildu denari
erantzukizuna Amurriok
taupadak emateko festari
Geldituko gaituenikan ez da
irakaskuntzan jarraitzen bada
euskaraz behar dugulako urezta
eusko, eusko eskualdunak gara
Ez dugu inor utzi behar atzera
bakarrik ez gara, gara batera
hurbildu zaitez euskararen sura
Euskal Herritik munduraaaaa!
Araba aske eta euskaldun
ikastolaren oihua entzun
hemen gaituzu
maitale eta lagun.