“Bueltan da Araba Euskaraz Masters Seriesa, zesta-puntaren urteroko hitzordu garrantzitsua”
Bonoak eta sarrerak:https://www.eramanjaialai.com/araba-euskaraz-jai-alai-master-series-2026/
* Martxoaren 6, 13 eta 20an jokatuko dira partidak, arratsaldeko 18:30tan hasita.
* Estatu Batuetan bukatu berri da “Biscayne Cup” txapelketa eta zesta-puntako Liga profesionala Gasteizko Olabe pilotalekura iritsiko da orain.
* Emakume eta gizonezkoen Master bana jokatuko dira eta beraz, jaialdi bakoitzean bi partida izango dira.
* Hiru arabar aterako dira kantxara egungo pilotari onenekin lehiatzera: Julen Del Rio, Maite Ortiz de Mendibil eta Aaron Gonzalez de Matauko.
* Araba Euskaraz Master Seriesaren finalak Euskal Telebistaren bidez jarraitu ahal izango dira.
* Sarrerak eta bonoak eskuragai daude www.arabaeuskaraz.eus eta www.eramanjaialai.com webguneetan.
Heldu da zesta-puntaren urteko hitzordu nagusia Gasteizera. Araba Euskaraz Kultur Elkartearen eta Eraman! enpresaren lankidetzak ekarri zuen 2023an Araba Euskaraz Master Series-aren sorrera. Lehen urte horretan “Open” kategoria izan zuen, egun bakarreko formatuan. Baina txapelketa hazten joan da eta aurtengoa laugarren edizioa da jada. Txapelketak hartu duen egonkortasun eta sendotasunaren erakusle. Gasteiztarrek eta arabarrek badakite neguaren hondarrean, gorengo mailako zesta-punta ikuskizuna izaten dela Olabe pilotalekuan, egungo pilotaririk onenek jokatzen dutela eta frontoian giro ederra izaten dela.
Araba Euskarazen aurtengo leloak dioen moduan “Taupadak berpiztera goaz!”. Baina ez soilik ekainean, Amurrion egingo den festan . Zesta-puntak ere bere taupada berpiztu du Euskal Herrian. Estatu Batuetan “Biscayne Cup” txapelketa jokatu berri da, baina kirolak bere jaioterrian du orain, zalantza gabe, bere ardatz, jarraipen eta afizio nagusia. Eta zesta-puntak bere taupada berpiztu badu, hori, neurri batean, Araba Euskarazi esker ere izan da.
Txapelketa honek Araban zesta-punta eta euskara sustatzeko xedeak ditu eta Arabako Euskal Pilota Elkartearen eta lurralde honetako bi klub puntisten elkarlana ere aipatzekoa da: Gasteiz Jai Alai-rena eta sortu-berria den Araba Airean klubarena. Baina hau ez da, lagunarteko jaialdi bat. Ez, hau Jai Alai Leagueko proba puntuagarria da, emakume eta gizonezkoen kategorietan. Horrek esan nahi du, puntistek puntuak pilatu behar dituztela denboraldi amaierako “Final Four”-a jokatzeko eta horrek balio erantsi handia ematen dio Olabeko zita honi.
Gernikako eta Durangoko Winter Seriesak, Bilboko Iron Cup-a, Biarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak, Floridako Biscayne Cup-a, Donostiako Final Four-a eta Markina-Xemein, Lekeitio, Mutriku, Berriatua edota Paueko txapelketa puntugarriak… guzti horiek eta gehiagok osatzen dute zesta-puntaren urteko egutegia eta zerrenda horretan, leku garrantzitsua du Gasteizek. Iaz Urreisti-Lekerika eta Maite - Arai bikoteak izan ziren Olaben txapeldun. Lekerikak eta Araik atseden hartuko dute aurten, baina Maitek eta Urreistik txapela errepikatu nahi dute aurten, azken honen kasuan, Del Rio gasteiztarrarekin bikota osatuz.
HIRU ARABAR LEHIAN
Aurtengo honetan hiru arabar izango ditugu kantxan. Julen Del Rio, Eusko Label Winter Series txapelketa entzutetsua jokatu duen atzelari gasteiztarra. Duela bi urte txapela jantzi zuen Olaben, Erkiagarekin bikotea osatuta. Iaz aldiz, azpitxapeldun geratu ziren.
Maite Ortiz de Mendibil, Antxetako pilotaria eta 2022ko Munduko Txapelduna. Iaz Araba Euskaraz Master Seriesa irabazi zuen Arai Lejardirekin eta aurten Frida Watkins izango du lagun. Gasteizko txapelketarekin batera, gainera, emakumeen Euskotren Winter Seriesa lehiatzen arituko da, Durangon.
Hirugarren arabarra Aaron Gonzalez de Matauko da. Duela bi edizio ere jokatu zuen eta Danian (Florida) hiru hilabeteko denboraldia egitetik dator, beste 20ren bat gazterekin batera. Aaronek Thibault Basque lapurtarra izango du atzean lagun, Winter Serieseko azken txapelduna.
Aurtengo partehartzaileak, emakumezkoetan, Lur Lejardi, Oaia Otaño, Helena Barrenetxea, Maialen Aldazabal, Oihana Sorozabal, Romane Mercadier, Maite Ortiz de Mendibil eta Frida Watkins dira. Gizonezkoetan berriz, Aritz Erkiaga, Jon Zabala, Johan Sorozabal, Imanol Lopez, Eñaut Urreisti, Julen Del Rio, Aaron Gonzalez de Matauko eta Thibault Basque.
Martxoak 6, 18:30-tan. Finalerdiak:
Kiniela amerikarrak: Gasteiz Jai Alai
LUR-OAIA vs HELENA-MAIALEN
ERKIAGA-ZABALA vs AARON-BASQUE
* Martxoak 13, 18:30tan. Finalerdiak:
Kiniela amerikarrak: Araba Airean
SOROZABAL-ROMANE vs MAITE-FRIDA
JOHAN-LOPEZ vs URREISTI-DEL RIO
* Martxoak 20, 18:30tan (ETB)
FINALAK
SARRERAK ETA BONUAK
Partidetarako sarrerak www.arabaeuskaraz.eus eta www.eramanjaialai.com webguneetan eskura daitezke.
Finalerdietako sarrerak 10 € balio ditu eta finalekoak 15 €. Hiru egunetarako bonua berriz, 20 €-ko prezioa eskura daiteke.