Otsailaren 14an eta 26an egingo dira Agurainen.
Azken urtean egin bezala, Euskal Pilotaren Topaketak antolatu ditugu aurten ere, Araba Euskaraz jaiaren barruan. Topaketa hauek Agurainen izango dira, otsail honetan, 14an eta 26an, gurea dugun kirolean murgildu, gozatu eta ikasteko. Pilotari buruzko solasaldia, tailerrak, erakusketa, jolasak eta, noski, partidak izango ditugu topaketa hauetan.
Otsailaren 14an, asteartearekin, abiatuko ditugu, lau txapeldun handirekin. Euren kirolari buruz solasean jarriko ditugu Joseba Ezkurdia, Leire Garai, Jokin Altuna eta Amaia Alday pilotariak. Ilunabarrean izango da, 18:00etan, Aguraingo Harresi aretoan. Sarrera librea izango du, eta edukiera bete artekoa izango da. Goi mailako lau pilotarion bizipenak ezagutzeaz gainera, bertaratutakoen artean, lauek izenpetutako bi pilota zozketatuko ditugu.
Otsailaren 26an, igandez, Aguraingo kiroldegiko pilotalekuan egingo dugu topaketen bigarren eguna. Goizeko 11:00etan hasiko da, eta 14:00ak bitarteko egitaraua prestatu dugu. Haurrentzako tailerrak egingo ditugu (6-8 urte bitartekoentzat), eta pilota jolasak (9-12 urte bitarteko umeentzat). Lezao pilota klubaren pilota partidak ere jokatuko dira. Era berean, "Pilotalekuan ere euskaraz" erakusketa paratuko dugu.
Otsailaren 26ko ekintzetan parte hartzeko izena eman beharko da otsailaren 23a baino lehen, Lautada Ikastolan, Lezao pilota klubean, Aguraingo Gaztelekuan, Aguraingo kiroldegian edo hemen: https://forms.gle/KQ24UbWx2GVdPkvj6