‘Artean amesgaizto’ lanak irabazi du Euskal Herriko Ikastolen II. Komiki Lehiaketa

Aurkeztutako lan horietatik guztietatik ‘Artean amesgaizto’ lanak irabazi du saria. Gernikako
bonbardaketa zuri-beltzeko margolan handi eta ezagun batera eraman zuen Pablo Picasso
artistak margolan hura sortzeko prozesua kontatzen du Itxaso Larraiotz, Araika Arriaga eta Leire
Segurak elkarlanean egin duten komikiak.
Amaia Ballesteros, Ekaitz Agirre Garluk, Joseba Larratxe Josevisky, Aritz Trueba eta Koldo
Aldabek osatu dute epaimahaia. Jasotako lan guztien artean hamar finalista aukeratu dituzte,
eta horien artetik atera da irabazlea. Epaimahaiak ‘Artean amesgaizto’ lanaren kalitatea
nabarmendu du; marrazteko teknika eta gidoia bezala, eszenak kateatzeko modua ere
azpimarratu du.
Elkarlanean eginiko lanak
Aurkeztu diren lan guztiek ederki heldu diote ekitaldi honetarako aukeratutako gaiari. Batzuek
gertaera historikoa kontatu dute, beste batzuek istorio bat asmatu dute gertaera historiko
horretan kokatua, Picassoren Guernica obra ere aipagai izan dute, irabazleek bezala, beste
batzuek, eta izan dira Gernika eta Ukraina lotu dituztenak ere. Kontakizunaren estiloan ere
aniztasuna egon da; izan dira kontakizun belikoa egin dutenak, baita tragikoa ere, eta umore
beltzetik jo dutenak ere ez dira falta izan. Aipagarria da, baita ere, sari nagusia jaso duena bezala,
elkarlanean egindako lanak izan direla gehienak. Komikigintzan, hain zuzen ere, talde-lanak
garrantzi handia du, eta gazte hauek erakutsi duten elkarlan hori aldarrikatu nahi izan du
epaimahaiak.
Komikigintza atsegin duten eta horretan lehen urratsak egiten ari diren gazteei euren sormen
lana garatzeko aukera ematea zen helburu nagusia, eta era berean, komikiak atsegin dituzten
baina oraindik egiteko urratsa egin ez duten gazteak ere animatu nahi izan dira pauso hori
ematera. Eta bai batzuek zein besteek egin dute urrats hori.