Logoa eta leloa

Logotipoa

  • Araba Euskaraz 2020 logoa
  • Araba Euskaraz 2020 logoa

Prozesua

Logotipoa eraikitzeko, sormen tailer bat antolatu zen Aresketa ikastolan. Bertan bildu ziren ikastolako komunitateko kideak (ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohiak) eta Ikastolen Elkarteko diseinu taldeko kideak. Hainbat ariketa egin zituzten bertaratutakoek, eta emaitzak diseinu taldeak eraman zituen, haiekin lanketa egiteko. Irudiak aztertu, gaika antolatu, eta sailkatuta, irudi esanguratsuenekin logotipo aukera batzuk landu ziren. Landutako aukera horiek ikastolari aurkeztu, eta honek bat hautatu zuen.

Azalpena

“Ernetzen ari den hazia da haurra. Berez dakar landare bihurtzeko behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Baina hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar duen eguzkiaren beroa eta argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek berak dakarren lorea emango du. Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei erne egon behar dugu: berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura”.

Metafora horretatik abiatuta, ikastolak gure Haur Hezkuntza proiektuak eraldatzen ari gara. Hazi horretatik, ordea, landare oso bat bihurtzeko bidea marraztua dugu, ikaslearen irteera profilean oinarrituta, alegia, ikastola uzten dutenean gure ikasleak zer nolako pertsonak izatea nahi dugun horretan oinarrituta.

Landare osoak irudikatu ditugu logotipoan, beren loreekin, kolore eta tamaina desberdinekoak, denok garelako desberdin, denok bakar; baina denok bizi garelako elkarrekin, eta denok egiten dugulako herri hau.

Sormen tailerreko argazkiak

  • sormen tailerra
  • sormen tailerra
  • sormen tailerra
  • sormen tailerra

Leloa

Prozesua

Ikastolak antolatutako saio ireki batean, Araba Euskarazerako leloak proposatzeko eskatu zitzaien parte-hartzaileei. Hauek 23 lelo desberdin egin zituzten.

Beste saio batean, proposatutako lelo horien egokitasuna aztertu, eta sailkapen bat egin zen taldeka, lehenbizi, eta talde osoan gero. Sailkapenean lehen lau lekuetan geratutakoen artean egokitasun eta erabilgarritasunak aztertuta, hiru aukera proposatu ziren, eta, azkenik, ikastolak hau aukeratu du: DARABAGU

Azalpena

Hitz asmatu bat da: DARABAGU

ERAMAN aditzaren eta ARABA hitzaren arteko hibrido bat, aditz trinko bihurtua.

Aditza (berria), orainaldian, pluraleko lehen pertsonan adierazia. Laburra, baina esanahi handikoa.

Ikastola DARABAGU, euskara DARABAGU, bihotzean, buruan eta mihian DARABAGU. Jaia DARABAGU, auzolana DARABAGU, aniztasuna DARABAGU. Amurrio DARABAGU, Araba DARABAGU.