Laudio Ikastola
50 urteko historia osatzear
Laudio Ikastolak 1971/72 ikasturtean abiatutako hezkuntza proiektua da. Frankoren diktadura garaian sortutako beste hainbat ikastola bezala, orduko traba politiko, legal, ekonomiko, eta teknikoei aurre egin behar izan zieten hezkuntza kooperatiba bat eratuz lehen ikasturte hartan ikastolan hasitako 20 ikasleen familiek.
Ikastolaren hastapen urte horiek, 1979/80 ikasturtean egungo egoitza zabaldu bitartekoak, erronka ugariz beterikoak dira, urtez urte handituz zioan ikastalde kopurua kokatzeko, irakasleria kontratatzeko edo bideragarritasun ekonomikoa eta babes legal nahikoa bermatzeko.
Ikastolaren sorreratik Laudio Ikastolaren jarduna herri ekimenera lotuta egon da. Adibide bezala, egun ezagutzen dugun Olentzero jaia antolatu zuen lehen aldiz 1972 urtean Laudion, inguruko herrietarako ere kultura euskalduna ikusgai bihurtzeko erreferentea bihurtu zena. Laudioko Herriko plazan Ikastolaren sostengurako zabaldutako taberna orduko beste mugarri bat dugu, orduko baldintzatan euskara eta euskal kultura babestea ardatz zuen egoitza bat herri erdian bultzatzea alegia.
1980/81 ikasturtean lehen promozioak OHO ikasketak amaitu zituen eta bertoko hainbat ikaslek Laudioko institutuan eratutako lehen talde euskaldunean jarraitu zituzten beraien ikasketak. Ikasturte horretan ere eskuratu zuen Ikastolak legezko aitortza osoa.
Ikastolaren hazkundea etengabea izan zein 80ko hamarkadan eta 90/91 ikasturtean lehen aldiz OHO ondorengo ikasketei segida emateko BBBko lehenengo maila abiatu zen.
1993 urteko EAEko Euskal Eskola Publikoaren legeak Ikastola mugimenduan eragindako haustura eman bitartean, eskualdeko gainerako ikastolekin, Amurrioko Aresketa eta Aiarako Etxaurren Ikastolekin batera, Bigarren Hezkuntzarako Ikastola komarkala, Aiara Lizeoa, eratzeko ekimeneko partaide izan zen Laudio Ikastola.
Proiektua gauzatu ez bazen ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondorengo ikasketak eskaintzeko asmoari heldu eta gaur egun Batxilergo eskaintza sendoa du Laudio Ikastolak.
Ikasleen irteera ikasketak DBH eta Batxilergoan finkatzeaz gain, Haur Hezkuntza etaparen garapen integralean ere izan da aitzindari Laudio Ikastola. 1991/92 ikasturtean Laudio Txiki proiektua abiatu zuen, 2 urteko haurrentzako, eta 2003/2004 ikasturteaz geroztik Haur Hezkuntzako lehen ziklo osoa funtzionamenduan du, 0, 1 eta 2 urteko haurren eskolatzea bermatuz.
Zenbait data esanguratsu
1971. urtean
Sorrera. Ikastolaren hastapen urteak.
1979. urtean
Egungo egoitzaren irekiera.
1980/81
Ikastolako lehen promozioak OHO ikasketak amaitu zituen.
1983. urtean
Laudion ospatutako lehen Araba Euskaraz, urte hartako uholdeek herrian utzitako ondamendiari aurre eginez ospatutakoa.
-
1990. urtean
BBBko lehen promozioa abiatu zen.
-
1991. urteanLaudio Txikiren sorrera, 2 urteko lehen gelak zabaldu ziren Ugarteko egoitzan.
1993
Eleanitz proiektua abiatu zen 4 urteko ikasleekin.
1993. urtea
2. Araba Euskaraz, "Etorkizuna euskaraz" lelopean.
1999. urtea
Egoitzaren anpliazioa, Lehen Hezkuntzarako alde berria sortuz eta Bigarren Hezkuntza Ugarteko behin behineko kokapenetik egoitza nagusira buelta.
2000. urtea
Hirugarren Araba Euskaraz. "Txikia zainduz handitu!" lemapean
2003. urtea
Haur Hezkuntzako lehen ziklo osoaren abiapuntua 0 eta 1 urteko gelen irekierarekin. SSLIC proeiktuaren ezarpena DBHn
2011. urtea
Laugarren Araba Euskaraz "Bagare" lelopean.